Ibilaldia

Lekeitioko ikastolak igandeko egitaraua aurkeztu du

Ia osorik herrigunetik igaroko den bi kilometro eta erdiko ibilbidea atondu dute Azkue ikastolakoek, "herriari begira dagoen ikastola irudikatzeko".

Luis Jauregialtzo / Foku

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko maiatzak 13

40. Bizkaiko ikastolen jaia aurkeztu dute goizean Bilbon. Lekeition egingo da, datorren igandean, Haratzago lelopean. "Haratzago, beti haratzago joan nahi izan dugulako ikastoletan, aitzindariak izan garelako sorreratik. Baina haratzago-k ez du esan nahi urrunago, sakonago baizik. Nondik gatozen ahaztu gabe, sustraiei begiratuta", azaldu du Ainara Ikaran Lekeitioko Azkue ikastolako presidenteak. Azpimarratu du ikastolek "hasierako helburuari" eusten diotela: "etorkizuneko herritarrak hezi" eta "euskaldundu". Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak euskalduntzearen inguruko kezka agertu du. Gogora ekarri du azken azterketen arabera hezkuntza adierazleetan atzera egin dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eta, era berean, jatorri atzerritarreko ikasleen gorakada azpimarratu du. "Bi faktore horiek ikastoletan ez ditugu arazo moduan ikusten, erronka gisa baizik. Horretan ari gara lanean, eta, aurten, ikastolen jai guztietan mezu hori zabaldu nahi dugu". Baita igandean Lekeition egingo den festan ere.

Kilometro bi eta erdiko ibilbide laburra atondu dute Ibilaldirako; ia osorik herrigunetik igaroko da. Baina, Jose de la Torre Ibilaldiaren dinamizatzailearen arabera, naturarekin harremanetan egongo da, eta ia une oro itsasoari begira. Ikastolan izango du lehen gunea. Bertan egingo da hasiera ekitaldia 10:00etan. Ondoren herriko eta inguruko sortzaileen ekitaldiak iritsiko dira. Eguna Aiko taldearen erromeriarekin amaituko da. Plazan egongo da bigarren gunea. Zabala izango da, plazaz gain, portua, parkea eta hondartza ere hartuko dituelako. Hirugarren gunea itsasargitik gertu egongo da, garai batean egurra sikatzen zen tokian. Azken gunea, itsasargian ipiniko dute. Azken bi gune hauetan eskainiko dira kontzerturik jendetsuenak: besteak beste, Esne Beltza, Izaki Gardenak eta Nogen taldeek joko dute.

Gune guztietan egongo da jan-edanerako aukera. Baina zerbitzua ematerakoan iraunkortasunaren aldeko apustua egin dute. Horregatik, plastikoaren erabilera ahalik eta gutxien murriztu nahi izan dute, eta, adibidez, ez da plastikozko ur botilarik salduko. Iturriak jarriko dira eta txosnetan ura edalontzietan emango da. Jai iraunkorraz izateko erronka azken urteetakoa da, baita festa parekidea egitea ere. Beste behin gune guztietan gune moreak egongo dira, eta eraso sexisten aurkako protokoloa izango du Ibilaldiak. Garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Bilbotik tren bereziak irtengo dira, eta Berrizko geltokian autobusa hartzeko aukera egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna