Osasuna

Matematikak eta kalkulagailua

Igandean irabazten badu, matematikoki Lehen Mailako taldea izango da. Ez badu irabazten, astelehenera arte itxaron beharko du Albaceteren partida jokatu arte itxaroteko.

Osasunako zalea, Sadarreko azken partidan, Albaceteren aurkako garaipena ospatzen. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2019ko maiatzaren 13a
17:21
Entzun

Aspalditik bideratuta dauka Osasunak Espainiako Ligako Lehen Mailarako igoera, eta matematikoki ziurtatzea besterik ez zaio falta. Horretarako hirugarren sailkatuarekin (lehen biak igotzen dira zuzenean) duen puntu aldeari erreparatu behar zaio: alde hori jokoan dagoen puntu kopurua baino handiagoa denean izango dute gorriek ziurtatuta igoera. Atzo gertatu zitekeen, larunbatean Mallorcak 2-1 galdu ondoren, baina Albacetek 2-3 irabazi zuen eta datorren jardunaldira itxaron beharko dute osasunazaleek ospakizunak hasteko.

Lau partida geratzen dira jokatzeko Espainako Bigarren Mailan, hamabi puntu, eta une honetan bederatzi puntuko aldea dago Osasunaren eta hirugarren sailkatuaren artean: Albacete. Osasunak igandean jokatuko du hurrengo norgehiagoka, Cadizen 18:00etan, eta han irabaziz gero igandean bertan izango du Lehen Mailarako txartela eskuan. Irabazten ez badu, ordea, igoeraren festa astelehenera arteko luzatuko da gutxienez: Albacetek Granadaren aurka jokatuko du etxean, 21:00etan.

Osasunak igandean berdintzen badu, garaipenak bakarrik balioko dio astelehenean Albaceteri gorrien igoera saihesteko; berdinduz gero, orain bezala bederatzi puntura egoten jarraituko lukete espainiarrek, eta jokoan jada bederatzi geratuko lirateke. Osasunak galtzen badu, berriz, Albacetek ere galtzeak soilik balioko lioke Iruñeko klubari Lehen Mailara igotzeko. Alegia, irabazi edo Albacetek baino puntu gehiago eskuratu behar ditu Osasunak datorren jardunaldian.

Aukera guztiak irekita daude. Hala ere, Osasunak datorren saioa igotzea lortuko ez balu, hurrengo astean izango luke beste aukera, 40. jardunaldian, eta orduko horretan etxean, gainera. Maiatzaren 25ean Las Palmasen aurka jokatuko dute gorriek Sadarren 18:00etan, eta gogoeta eguna ospakizun gaua bihurtu liteke Nafarroak hiriburuan. Jagoba Arrasateren taldeak, hala ere, nahiago du oraingoz aukera hori baztertu: jokalariak gaur hasi dira Cadizen aurkako partida prestatzen eta igandean irabaztea besterik ez dute buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.