Sexu abusuak Eliza Katolikoan

Hiru dira Iruñeko Anaia Maristen eskolan sexu abusuak salatu dituzten ikasle ohiak

Ikastetxe horrekin, lau dira Nafarroan sexu abusu salaketak jaso dituzten ikastetxeak.

Garesko Erreparaziokoen ikastetxea da Nafarroan sexu abusu salaketak izan diren lau eskoletako bat. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko maiatzaren 13a
18:58
Entzun

Sexu abusu kasu berri bat gehitu behar zaio Iruñeko Anaia Maristen eskolan aurretik ezagutu diren beste biei. Noticias de Navarra egunkariak gaur argitaratu duenez, 63 urteko iruindar batek salatu du 1966 eta 1973 urteen artean abusatu zuela berataz ikastetxe horretako apaiz batek, 10 eta 17 urte bitartean zuenean. Zehaztu du Braulio izeneko apaiz batengandik jasan zituela abusuak, aurreko beste bi salaketak egin zituztenek bezala.

Azken salaketa egin duen ikasle ohiak esan du 10 urterekin sartu zela Anaia Maristen eskolan, eta sartu eta berehala hasi zirela apaiz horrengandik sexu abusuak. Braulio gaztea zela eta kirolaria zela du gogoan, eta atsegina zela jendearekin baina engainatzailea zela. Erasoak zazpi urtez luzatu ziren, eta tutore izan zuen garaia gainditu ondoren ere, jarraitu zuten abusuek.

Pertsona honek azaldu du beste kasuen berri izan zuenean pentsatu zuela berea ere argitara ateratzea, baina batez ere Maristen Anaidiak horien berri izan ondoren izan duten erreakzioak bultzatu du salaketa egitera; horiek esan dute "zaila" dela egiaztatzea abusuak izan zirenik, apaizak hil direlako edo euren berri ez dutelako. "Ez nuen eurengandik ezer espero, baina euren erreakzioak kolokan jartzen du benetan ukituta daudenen testigantzak. Sinesgarritasuna kentzen digute eta izu horiek berriro biziarazten dizkigute", dio.

Salaketa horien arabera, Iruñeko Anaia Maristen ikastetxean gutxienez 1958 eta 1968 urteen artean izan ziren sexu abusuak. Salatatzaileak azaldu du ikasle zelarik eskola horretan epaimahai batean kontatu zuela gertatutakoa. "Esan zidaten bazela aurretik salaketa egin zuen ikasle bat eta nire kasua ezagutu nahi zutela, nire bertsioa". Maristen Anaidiak azaldu zuen Braulio apaizak 1968an utzi zuela Iruñeko ikastetxea.

Iruñeko Anaia Maristen eskolarekin gutxienez lau dira Nafarroan sexu abusuak izan diren ikastetxeak: aipatutakoaz gain, Garesko Erreparaziokoen ikastetxea, Lizarrako El Puy eskolan eta Iruñeko Jesusen Lagundiko ikasle izan zirenek salatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.