Gizartea

«Esklabotzatik gertuko» egoerak daude Gasteizko etxeko langileen artean

Arabako hiriburuan antzemandako egoerak inguruko beste hirietan gertatzen direla ohartarazi du Zentzuz Kontsumitu erakundeak

ikerketan aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Rejado.
2019ko maiatzaren 13a
07:33
Entzun

Gasteizko etxeko langileen artean «esklabotzatik gertuko» egoerak daude. Hala jakinarazi du Zentzuz Kontsumitu erakundeak. Arabako hiriburuko etxeko langileen egoeraren berri izateko eginiko lehen ikerketan antzeman dituzte egoera horiek. Etxeko langile askok baldintza horiek pairatzearen oinarrian zenbait egoera antzeman dituzte: gizarte eta familia sare falta, isolamendua, behar ekonomikoa, eta familia zama. Are, gaineratu dute egoera horiek gertatzen direla kontratatzen dituzten familiekin gertatzen diren botere harremanen ondorioz.

Nortzuk eta nola zaintzen dute Gasteizen? ikerlanaren ondorioak inguruko hirietan antzemandakoaren bidetik doa, Zentzuz Kontsumituko kide Estibaliz Gomez de Segurak jakinarazi duenez. «Ezkutuan» dagoen errealitatea dela azaldu du, eta Gasteizen oraindik ere ikertu gabe zegoena. Etxeko langileen gehiengo zabala emakumeak dira, eta elkarrizketatuen erdia baino gehiagok Espainiakoa ez den herritartasuna dute, edo bi herritartasun dituzte. Gizarte aitortzarik ez dutela hausnartu dute, eskubideak urratzen dizkietela, eta era askotako indarkeriak jasateko arriskuan daudela gaineratu dute: bortizkeria «matxista, arrazista eta klasista», adibidez.

Ikerketan hiru helburu aztertu dituzte, hainbat etxeko langilerekin izandako elkarrizketetan eta mahai inguruen bidez haien lan baldintzak ezagutzea; lan osasunean sakontzea; eta etxeko langileen hausnarketak eta aldarrikapenak jasotzea. Lan baldintzei dagokienez, etxeko langileen eskubideen urraketak eta diskriminazio egoerak xehatu ditu txostenak. Haien jarduera arautzen duen legeria bera «diskriminatzailea» dela nabarmendu dute: ez dute langabeziarako eskubiderik kotizazio oinarriak ez datoz soldatarekin bat, gaueko lanaldiak ez dituzte araututa...

Langile bezala dituzten eskubideak ere urratzen dizkietela ondorioztatu dute: funtzioen zehaztapen falta, betetzen ez diren ordutegiak... Gizarte segurantzara heltzeko zailtasunak ere jakinarazi dituzte, baita kontratatzailearekin duten botere harreman desorekatua ere. «Gehienetan gizonak dira etxeko langileekin batzartzen direnak baldintzak zehazteko», azaldu du Gomez de Segurak. Aurreko egoera horiek etxeko langileen lan osasunean zuzenean eragiten duela gaineratu du ikerketak, maila fisikoan, baita buruko osasunean ere: nekea, eraso fisikoak mendekotasun egoerak dituzten pertsonen partetik, estresa, depresioa...

Etxeko langileek eurek hausnartu dute «errealitate konplexua» dela. Horren aurrean biktima bihur ez ditzatela eskatu dute. Egoerari aurre egiteko «estrategia pertsonalak lortu dituztela azaldu dute. Ordea, «bidezko» araudia galdegin dute, baita «indarkeriarik gabeko lan eremua» eta zaintza lanen aitortza ere.

Sare baten sorrera

Estibaliz Gomez de Segurak azaldu du helburua dela etxeko langileek haien helburuak eta lehentasunak markatzea. Ordea, aurrez zehaztutako egoerengatik, ez da halakorik gertatzen. Etxeko langileetara heltzeko bidea hasi dutela azaldu du, zenbait eragileren bitartez. Horrek fruituak eman bitartean, beste erakunde batzuekin lan egiteko asmoa agertu du. Sare bat sortzeko lanean ari da Zentzuz Kontsumitu, beste hainbat eragilerekin batera: mugimendu feministarekin, sindikatuekin, laneratzearen bidez gizarteratzen duten elkarteekin... Administrazioetara joko dutela iragarri du Gomez de Segurak. Horrez gain, zeresana duten eragile guztiei zenbait eskaera egin dizkie: lan ikuskaritzari, sindikatuei, elkarte feministei, kontratatzaileei, gizarteari eta etxeko langileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.