Musika

Berri Txarrak-ek hamabost gonbidatu izango ditu Kobetamendin

Kontzertu “berezia” izango da uztailaren 14koa, taldekideen esanetan. Hamabost musikari ingururekin izango dira oholtzan, eta horietako bosten izenak aurreratu dituzte: El Drogas, Leire Villanueva Iseo, David Ruiz, Aiora Renteria eta Iñaki Altolagirre Matxet.

Berri Txarrak-ek ezohiko kontzertua emango du Kobetamendin. BADOK.EUS
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 14a
07:07
Entzun

25 urteren ondoren “etenaldi mugagabea” egingo zuela iragarri eta Ikusi Arte Tour 2019 bira abiatu zutenetik atsedenik hartu gabe dabil Berri Txarrak musika taldea. Hamaika kontzertu egin dituzte azken hilabeteetan, eta zaleek izan duten erantzuna “erotzekoa” izan dela aitortu du Gorka Urbizu abeslari eta gitarra jotzaileak. Nafarroa Arenan azaroaren 24an egin behar duten azken emanaldiarekin gertatutakoa da horren erakusle: sarrera guztiak minutu gutxi batzuetan saldu zituztenez, aurreko egunean beste kontzertu bat antolatzea erabaki zuten. Egun bakarrean bukatu ziren azken aurreko emanaldiko txartelak ere. “Zegoen eskaeraren aurrean, inork sarrera gabe geratu beharko ez lukeen kontzertua egin behar genuela erabaki genuen”. Hala adostu zuten Bilboko Kobetamendin (Bilbo) kontzertua egitea. Uztailaren 14an da zita.

Euskal Herrian iragarritako emanaldi guztietako sarrerak bukatuta daude jada, beraz, Kobetamendikoa da, gaur gaurkoz, Euskal Herrian talde nafarra ikusteko dagoen bakarra. Urbizuk aitortu du ikuskizun “berezia” izango dela; besteak beste, hamabost musikariren kolaborazioak izango dituztelako. Bost izen aurreratu dituzte, oraingoz. «Guretzat erreferenteak diren edo miresten ditugun egileak dira». Enrique Villareal El Drogas abeslaria aipatu du lehenik. «Errespetu handia diogu». Leire Villanueva Iseo musikaria ere izango da oholtzan. «Bere kantuak ingelesez izanagatik ere, asko miresten dugun egilea da».

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izan da Urbizuk jaurti duen hirugarren izena. “Euskal musikagintzak eman duen ahotsik ederrenetakoa da. Kontzertua Bilbon izanda, garrantzitsua iruditzen zitzaigun Zea Mays taldea gurekin egotea”. Belaunaldi berekoak dira talde biak. «1990eko hamarkadaren bigaren erdialdean sortu ginen bi taldeak, eta hamaika bider izan gara agertokian elkarrekin». La M.O.D.A. musika taldeko David Ruizen laguntza ere izango du talde nafarrak. “Sarritan esan du Berri Txarrak taldearen zalea amorratua dela. Fokuetatik aparte sortutako taldea da, eta bere taldean ere kolaboratu dut”.

Iñaki Altolagirre Matxet da Urbizuk aipatu duen azken musikaria. “Aspaldikoa da gure arteko harremana”. Besteak beste, Eskuak Ukabilak (2001) diskoaren Mundua begiratzeko leihoak abestian parte hartu zuen Matxet-ek. “Ipurtarin hutsa da, proiektu interesgarrietan sartuta dago beti”. Bost musikari horiez gain, hamar bat gehiago izango direla azaldu du Urbizuk. “Oraindik ere gonbidatuen zerrenda osatzen ari gara”.

Kontzertutik harago

Berri Txarrak taldearen emanaldiaz haragoko zita izango da uztailaren 14koa, eta arratsaldeko egitaraua prestatzen ari direla zehaztu dute. 16:00etan zabalduko dituzte ateak eta 20:30ak bitarte eskaintza kultural “oparoa” izango da. “Eskaintza kulturala izango da arratsaldean zehar. Ahotsenearen zati bat eraman nahi izan dugu Kobetamendira, ez dadin Berri Txarrak eta gonbidatuen arteko emanaldi soila izan”. Kontzertua, aldiz, 21:00ean hasiko da eta asko jota 00:00ak bitartekoa izango da saioa. “Jende asko bilduko gara oholtzan, eta luze joango da. Baina saiatuko gara hiru orduz baino gehiagoz ez luzatzen”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.