Literatura

'Hezurren erretura' plazaratu du Miren Agur Meabek

21 narraziorekin osatu du liburua, eta pertsonaia bera dute denek protagonista. Haurtzarotik unibertsitatera bitarteko garaian agertuko da kontakizun erdietan, eta 55 urte inguruko emakume baten lekuan gainerakoetan; bi planoak txandakatuz josi du bilduma.

Miren Agur Meabe idazlea, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 14a
07:20
Entzun

Sei urte joanak ziren Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962) azken liburua kaleratu zuenetik —Kristalezko begi bat (Susa, 2013)—, eta orduan agertutako zehaztasun bilaketaren segidan aurkeztu du Hezurren erretura, gaur goizean Donostian egindako agerraldian. Leire Lopez Susako editoreak lagunduta izan da, eta hala azaldu du hark ere: "Meaberen literatura hitz zehatzaren bilaketa iruditzen zait, neurri handi batean, eta liburu hau horren beste emaitza bat da. Hitz zehatzaren bilaketa bat, kontatu nahi dena kontatzeko forma zehatzaren bilaketaren parte dena, bata ez baitago bestearengandik banatuta".

21 narrazio dira, baina batasun batek biltzen ditu denak. Etengabe iraganetik orainerako jauziak eginez, bizitakoen gainean gogoetan ariko da pertsonaia, eta askotariko gaiak azaleratuko ditu: gaztaroko kezkak, adiskidetasuna, maitasuna, plazera, bakardadea... Bizitako horien guztien sinbolo izango dira hezurrak; "aldean daramatzagun orotariko pisuen sinbolo", idazlearen hitzetan.

Idazkuntzari buruzko gogoetak ere badakartza liburuak. Idazkuntzaren bidez, hazi bitartean pilatuz joandako bizipenak "erre" nahi ditu protagonistak, eta, horregatik, bizitzari estu lotuta azaldu da idazkuntza. Hori bere literaturako "tiketako bat" dela aipatu du Meabek: "Beti dago presente pertsonaia eta ni neu naizen idazle horren arteko tentsioa. Niretzat idaztea eta izatea gauza bera da. Batera ikusten ditut nortzea eta zertzea. Neurri horretan, beti daude presente neure nortasuna berresteko balio duten baieztapenak, eta horretan dudarik gabe inportanteenetakoa idaztea bera da, txikitatik hasita".

Liburuaren aurrerapena kaleratu du gaur BERRIAk: liburua hasten duten Miramar ipuinaren pasarte bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.