'Brexit'-a

Erresuma Batuak ekainean egingo du 'brexit'-ari buruzko "azken bozketa"

Alderdi Kontserbadorean asko dira oraindik Bruselarekiko akordioa gustuko ez dutenak. Oposizioarekin negoziatzen jarraitzen du Mayk, akordioaren alde egin dezan.

Theresa May lehen ministroa, Erresuma Batuko Parlamentuan, joan den apirilean. MARK DUFFY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 15a
07:34
Entzun

Ultimatuma eman die Theresa May lehen ministroak Komunen Ganberako kideei: ekainaren 3ko astean bozkatuko da "azkenengoz" brexit-ari buruzko hitzarmena. Bozketa horretan parlamentarien gehiengoak ezezkoaren alde egiten badu, aukera bakarra geratuko zaio Erresuma Batuari, brexit gogorra deritzona.

Hirutan ahalegindu da May Bruselarekin hitzartutako akordioa onar dezaten, eta hiru aldietan galdu du bozketa. Oposizioa ez ezik, alderdikideak ere ez datoz bat Europako Batasunetik irteteko baldintzak Bruselak jartzearekin. Owen Paterson parlamentari kontserbadore eta euroeszeptikoak iragarri du akordioaren muinean aldaketak egin ezean berriz ere aurka bozkatuko dutela.

Horiek hala, oposizioarekin negoziatzen hasia da lehen ministroa, laboristen babesa eskuratzeko asmoz. Gaur-gaurkoz, baina, bere horretan daude bi aldeen jarrerak. Downing Streetetik iragarri dute hau dela azken aukera EBtik uda baino lehen irteteko.

Berez, urriaren 31ra arteko epea du Londresek EBtik irteteko akordioa berresteko. Aukera du, hala ere, aurretik ateratzeko, hala nahi izanez gero. Epea luzatzeko eskaintza Bruselak egin zion Lodresi, eta azken horrek onartu egin zuen, nahiz eta Mayk berak nabarmendu nahiago zukeela luzapena ekainaren 30era artekoa izatea. Izan ere, brexit-ari buruzko eztabaida kalte egiten ari zaio agintean den alderdiari. Maitzeko udal bozak izan dira horren froga. Horietan, nabarmen egin dute behera kontserbadoreek, laboristen mesedetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.