Gizartea

Osakidetzak zozketa bidez aukeratuko ditu hurrengo LEPeko epaimahaiak eta horien presidenteak

Aurreko lan eskaintza deialditik kanpo geratu ziren espezialitateei eragingo die aldaketak, behin betiko eredua onartu bitartean. Errepikatu beharko liratekeen azterketei ere ez die eragingo, horien oinarriak aldatu ezean.

Hamabi neurrien aurkezpena, gaur, Gasteizen.
Hamabi neurrien aurkezpena, gaur, Gasteizen. Endika Potillo / Foku

Jon Rejado -

2019ko maiatzak 15

Osakidetzak hamabi neurri hartuko ditu hurrengo lan eskaintza publikoa “eredugarria” izan dadin, iazkoan egondako iruzur salaketen ostean. Neurri horiek Juan Luis Diego zuzendari nagusiak aurkeztu ditu. Sindikatu batzuk, hainbat adituk eta beste hainbat eragilek, Arartekoak kasu, egindako ekarpenekin osatu dituzte. Neurri horiek iazko lan eskaintzako deialditik at geratu ziren espezialitateetarako deialdian baino ez dute eragingo. Ekarpenek UGT, SATSE eta Sindikatu Medikuaren oniritzia dute, lan eskaintzaren jarraipen batzordeko kide direnena, hain zuzen ere.

Bi alorretan eragingo dute. Batetik, epaimahaien aukeraketan. Epaimahaietako kideak eta presidenteak zozketa bidez aukeratuko dituzte, eta konpromiso etiko bat sinatu beharko dute. Epaimahaiko kideei egun bateko ikastaroa emango diete, haien eginbeharren, eta betebehar etikoen berri emateko.

Azterketak egiteko ereduan ere eragingo dute. Azterketa teorikoa zein praktikoa EAEtik kanpoko profesionalek egingo dute, HAEE, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak zuzenduta. Halaber, HAEEk prozesua jarraituko du, eta azterketak zainduko ditu. Hau da, epaimahaiko kideek ez dute azterketaren edukia ezagutzerik izango lan eskaintzaren egunera arte, eta, praktikoaren kasuan, "ausaz" aukeratuko dira gaiak.

Azkenik, azterketa teorikoa zein praktikoa test modukoak izango dira. Orain arte praktikoan gai bat garatu behar zen. Hurrengo deialdian bi azterketak teorikoak izanda egunean bertan zuzendu ahalko dira. Datuak izan eta berehala, azterketa psikometriko bat egingo dute, emaitzak normaltasunaren barruan daudela bermatzeko.

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak berretsi du hamabi neurriek hurrengo lan eskaintzari eragingo diotela. Ordea, gaineratu du epaimahaiari buruzko neurriak hurrengo deialdietara luzatzeko aukera dagoela. Azterketa ereduari buruzko neurriak, ordea, "behin-behinekoak" direla azaldu du hainbatetan. "Ez dago adostasunik neurri horietako batzuetan, azterketa praktikoa test izatea, kasu".

Iruzur salaketen ondorioz" errepika daitezkeen azterketetan ere ez du eragingo. Hala azaldu du Diegok. Hain zuzen ere, errepika daitezkeen horiek aurreko lan eskaintzaren oinarrien arabera arautu beharko lirateke. Neurri berriak ezartzeko oinarri horiek aldatu beharko liratekeela azaldu du, sindikatuekin adostuta.

Osakidetzako zuzendari nagusiak berretsi du aurreko enplegu eskaintzen ereduaren balioa. "Profesional onenak kontratatzeko balio izan du". Ordea, gaineratu du eredu hori "agortuta" zegoela, eta aldatzeko unea heldu dela. Hori egiteko prozesua martxan dagoela gaineratu du. Are, nabarmendu du eredua berritzeko erabakia hartu zela Fiskalak aurreko enplegu eskaintzan delitu zantzuak antzeman aurretik.