Kolonbia

Jesus Santrich berehala askatzeko agindu du Bakerako Jurisdikzio Bereziak

FARCeko komandante ohia apiriletik zuten preso, eta AEBetara estraditatzeko eskaria zuen. Baztertu egin du eskari hori Kolonbiako Bakerako Jurisdikzio Bereziak, aurkeztutako frogak nahikoa ez direla iritzita.

Jesus Santrich, 2017ko irudi batean. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA, EFE
2019ko maiatzaren 15a
07:18
Entzun

Jesus Santrich FARCeko komandante ohia eta Habanako Akordioetako negoziatzailea berehala aske uzteko agindua eman du gaur Kolonbiako Bakerako Jurisdikzio Bereziak —FARC gerrillaren eta gobernuaren arteko bake itunean jasotako erakundea da, "justizia trantsizionala" ezartzeko sortua—. Apiriletik zuten preso Seuxis Paucias Hernandez, Jesus Santrich gerrilari izenarekin ezagunagoa, narkotrafikoarekin lotutako delituengatik. Santrichek azpijokoa salatu zuen hasieratik. AEBek estradizio eskaria egin zioten Kolonbiari, baina horretarako nahikoa arrazoi ez dagoela-eta, baztertu egin dute Kolonbiako epaileek.

Bakerako Jurisdikzio Bereziak azaldu duenez, Santrichen aurka aurkeztutako "frogak ez dira nahikoa estradiziorako eskaria aztertu eta data zehatz bat ezarri ahal izateko", eta AEBek ere ez dute behar besteko argudiorik helarazi. Hala, Santrich berehala askatzeko agindu dio Fiskaltzari. Nestor Humberto Martinez fiskal nagusia, ordea, ez da gustura agertu erabakiarekin, eta dimisioa eman du.

Saavedra komandante ohia hil dute tiroz

FARCeko beste komandante ohi bat, aldiz, hil egin zuten atzo: Jorge Enrique Corredor Gonzalez, edo Wilson Saavedra gerrilari izenez. Bi sikariok jo zioten tiro, tokiko hedabideen arabera. Gaur egun, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdiko kidea zen, eta Habanako Akordioak sinatu ondoren hiltzen duten lehen komandante ohia da. Bake akordio haiek sinatu zituztenetik, FARC gerrillako 100 bat kide ohi hil baino gehiago dituzte, desmobilizatuta egon arren.

2018an, Cinep Ikerketa eta Hezkuntza Herritarrerako Zentroaren arabera, 648 lider sozial eta politiko hil zituzten Kolonbian, eta beste 2.252k jasan zuten giza eskubideen urratzeren bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.