Urrutikoetxearen atxiloketa

Urkullu: "Iragan hurbila gogorarazten digu, eta gizartea etorkizunari begira dago"

Goizeko lehen orduan atxilotu dute Josu Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan. Erreakzio ugari eragin ditu Frantzia eta Espainiako poliziek elkarlanean egindako operazioak.

Iñigo Urkullu, gaur, Urrutikoetxearen atxiloketari buruz kazetarien galderak erantzuten.
Iñigo Urkullu, gaur, Urrutikoetxearen atxiloketari buruz kazetarien galderak erantzuten. Irekia.

Berria -

2019ko maiatzak 16

Josu Urrutikoetxearen atxiloketaz galdetuta, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du ez dakiela "zer egoeratan gertatu den atxiloketa, zein izan diren kausa judizial, polizial edo bestelakoak, zein izan diren atxiloketaren arrazoiak" Dena den, "testuinguru horretan", Eusko Jaurlaritzak Frantziako Estatuan nahiz Espainiakoan erabailitako "prozeduretan konfiantza" duela esan du, halakoak "zuzenbide estatuaren arauak betez" egiten direla.

"Edozein kasutan, honek jasan dugun iragan hurbila gogorarazten digu, eta erakutsi nahi dugu euskal gizartea etorkizunari begira dagoela, etorkizuneko garapen ekonomiko eta sozialari begira. Iraganean ere badugu begirada kritiko bat, baina orainean eta etorkizunean konpromiso bat hartuta, giza eskubideekiko eta pluralismoarekiko errespetua". Gaineratu duenez, "historia ez zen orain urtebete bukatu, oraindik badaude atentatuak argitzeko".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritziz, Urrutikoetxearen atxiloketa bakea oztopatzeko saiakera bat da, eta ez da kasualitatea Urrutikoetexaren atxiloketa hauteskunde kanpainan egin izana.  "Zergatik orain? Zergatik hauteskunde kanpaina batean? Zergatik daude asko eta asko tematuta iraganari buruzko eztabaida piztu nahian?". Otegiren esanetan, "testuinguru autoritario" batean gertatu da Urrutikoetxearen atxiloketa, eta horren adibide aipatu ditu aste honetan hiru lagun atxilotu izana Korrikan zenbait euskal presoren argazkiak eramateagatik eta Katalunian erakunde kriminaleko kide izatea egotzi izana Generalitateko 27 goi karguri. Otegik ohartarazi du bide horretatik ez dela ezer ere konpontzen.

Otegiren esanetan, bada Euskal Herrian egoera politikoa gaiztotu nahi duenik, eta horiei esan die "itxaropena galdu dezatela". EH Bilduko buruak ziurtatu du Euskal Herriak "bakearen eta askatasunaren aldeko apustua" egin duela, eta "bide demokratikoen" aldekoa. "Ez du inork bide horretatik aterako. Ez herri hau, ezta ezker independentista ere".

Otegik adierazi du Espainiako Estatuak jendea atxilotzen jarrai dezakeela, baina dituen "arazoak" bere horretan jarraituko dutela aurreratu du. EH Bilduko buruak arazo horien artean aipatu ditu "erregimenaren krisia", "lurralde ereduaren krisia", "eredu sozio-ekonomikoaren krisia" eta "autoritarismoaren krisia".

Frantziari ere zuzendu zaio Otegi, eta ohartarazi dio "jarrera autoritarioekin" segitzen badu, ustekabea har dezakeela Europako bozetan eskuin muturraren emaitzekin.

Hurrengo bozetan bakeari babesa emateko eskatu du EH Bilduk, eta "bakearen etsaiei mezu argia" bidaltzeko, botoaren bidez.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak salatu egin du Urrutikoetxearen atxiloketa, eta bakearen kontrako erasoa izan dela ziurtatu du. Rodriguezek nabarmendu duenez, Urrutikoetxea izan da ETAren baitan "bakearen aldeko apustuaren erreferentzia nagusietako bat", eta gogorarazi du hura izan zela ETAren azken komunikatu publikoari ahotsa jarri zion bi kideetako bat —Marixol Iparragirre izan zen bestea—. Rodriguezen esanetan, Urrutikoetxeak "behin betiko ekarpena" egin dio bakeari, beste batzuekin batera, "ETAren indarkeria agertoki politikotik desagerrarazi" zuelako.

Rodriguezek nabarmendu duenez, Urrutikoetxearen atxiloketarekin, Frantziako eta Espainiako estatuek adierazi dute bakea lortzeko bidean "oztopo" direla, eta "Bake justu, egonkon eta iraunkorra" eraikitzeko ahaleginei "sabotaia" egin nahi dietela.

ETAren indarkeria desagertu den arren, Frantziako eta Espainiako estatuen indarkeria ez da eten, Sorturen iritziz. Rodriguezek ohartarazi du presoen urruntzea, larriki gaixo dauden presoak espetxeetan mantentzea, "garaileen eta garaituen" eskeman oinarritutako kontakizuna "inposatzea" eta Euskal Herriarren "eskubide nazional eta sozialak indarrez eta bortxaz galaraztea" indarkeria horren adibide direla.

Hori dela eta, Sortuk dei egin die bi estatuei eta, "bereziki, PSOEri" estrategia "demokratiko eta baketsu" baten alde egin dezatela, "ezker abertzaleak egin duen bezala".

Sortuk elkarretaratzera deitu ditu herritarrak Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko eta "bakearen eta askatasunaren aldeko apustu irmoa" berresteko. Gaur arratsaldean egingo dituzte elkarretaratzeak herri eta auzoetan. Larunbaterako, berriz, beste elkarretaratze bat deitu du Ugaon (Bizkaia), Urrutikoetxearen jaioeterrian. Azkenik, maiatzaren 26ko bozetan EH Bildu bozkatzera deitu du, "bakearen eta askatasunaren aldeko apustua" babesteko.

EH Bilduko diputatu eta Bilboko alkategaiak, Jone Goirizelaiak, Josu Urrutikoetxearen atxiloketari buruz galdetuta gogorarazi du duela gutxi igaro dela Arnagako deklarazioaren urteurrena eta ordu hartan konponbideak bilatzea adostu zutela, hori delako euskal gizarteak behar duena.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagi ohiaren heriotzarekin lotu du atxiloketa. Adierazi du Urrutikoetxearen atxiloketa "albiste ona" dela, eta talde armatuaren jarduera amaitzeko "hainbesteko lana egin zuen" Rubalcabaren heriotzatik egun gutxira heldu dela. Aldiz, oso bestelako irakurketa egin du Jesus Egiguren buruzagi sozialista ohiak, eta gogorarazi du Urrutikoetxeak irakurri zuela ETAren azken komunikatua: "Hari ahotsa jari izanak esan nahi du ETAren baitan berak eraman zuela prozesua".

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Jesus Lozak, goraipatu egin du Frantzia eta Espainiako segurtasun indarrek egindako polizia operazioa, eta nabarmendu du "zuzenbide estatuak ondo lan egiten duen" froga dela Josu Urrutikoetxearen atxiloketa. "Zuzenbide estatuak ondo egiten du lan, eta gaizkileak atxilotu egiten ditu".

Espainiako jarduneko presidente Pedro Sanchezek, berriz, Espainiaren eta Frantziaren arteko elkarlana txalotu du, eta biktimak izan ditu gogoan, sare sozialetan zabaldutako mezuan:

Guardia Zibilaren lana goraipatu du Amaia Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiak ere bere Twiterreko kontuan zabaldutako mezuan. Honela dio idatziak: "Gaur nire pentsamendua justiziaren zain urteak daramatzaten biktimen senideekin dago. Zorionak Guardia Zibilari eta Frantziako segurtasun indarrei".

Aldiz, Ernaik mendekutzat jo du polizia operazioa, eta salatu egin du atxiloketa.

LAB sindikatuak ere gaitzetsi egin du atxiloketa, eta adierazi du "mendekuan eta zigorrean" oinarritutakoa izan dela, Urrutikoetxeak "gatazkaren konponbidean izan duen engaiamenduarengatik". LABen iritziz, atxiloketak agerian utzi du Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa, "gaindituta egon beharko luketen errepresioaren bideetan sakontzearekin tematuta" agertzen delako.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna