Lucio Fontana

Nola irudikatu espazioa

Lucio Fontana artista italiarraren ehun pieza bildu Bilboko Guggenheim museoak 'Lucio Fontana. Atarian' erakusketan. Irailaren 29ra bitartean egongo da ikusgai.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 16a
13:18
Entzun

Ebakita dauden koadroengatik da Lucio Fontana (Rosario, Argentina, 1899-Varese, Italia, 1968) ezaguna. Mihiseak urratzen zituen artistak kuterrarekin. “Uste dute gauza erraza dela ebakidura bat edo zulo bat egitea”, aitortu zuen. “Baina ez da egia. Ezin dute imajinatu zenbat material baztertzen dudan. Buruan ditudan ideiak zehaztasunez irudikatu behar dira”. Bere ibilbidearen bukaeran ondu zituen Tagli (ebakidura) izenekoak. “Fontanaren lanik berantiarrenak dira”, azaldu du Iria Candela New Yorkeko The Metropolian Museum of Art-eko arduradunak. Izan ere, 1930eko hamarkada hasierakoak dira artista italiarraren lehen lanak, eta 1948an egin zuen bere lehen pintura urratua. “Bere obraren ibilbidea egitea beharrezkoa da ebakietara nola iristen den ulertzeko”. Saiakera hori egin dute, hain zuzen, Bilboko Guggenheim museoan: italiarraren ibilbide artistikoa azaltzeko, ehun pieza baino gehiago bildu dituzte Lucio Fontana. Atarian erakusketan. Bihar zabalduko ditu ateak, eta irailaren 29ra bitarte izango da ikusgai.

Argentinan eman zituen Fontanak lehen urratsak. Italiatik immigratutako familia batean hazi zen artista, eta haren aita laguntzen urratu zuen sortzaile izateko bidea, hileta eskulturak egiteko negozioa baitzuen. “Eskultore baten semea izan zen, eta bide bera hartu zuen berak ere: Milanera egin zuen, 1930eko hamarkadan, eskultore ikasketak egitera”, azaldu du komisarioak. Akademiak markatutako urratsetatik aldendu zen berehala, eta haren izaera “erradikalarekin” lotu du Candelak. “Berehala baztertu zituen marmola eta brontzea, eta igeltsua eta buztina erabiltzen hasi zen”. Artelanak bere eskuekin moldatzea zuen xede. Hasierako eskulturetan ere nabari da gerora azalduko diren markak. “Ebakiduren filosofia ere badute bere lehen lanek”.

Italiatik Argentinara itzuli zen 1937an, aitak hala eskatuta, eta Bigarren Mundu Gerraren eraginagatik bertan izan zen hamar urtez. “Orduko abangoardiekin harremandu zen bertan. Elkarrizketa etengabean zegoen, eta espazioari buruzko hausnarketak egiten hasten da”. Teknologiaren garapenaren eragina aipatu du Candelak. “Telebistaren hedapena, espaziora egiten ziren bidaiak... guztiari buruz gogoetatu eta bere lanetan islatzen du”. 1946an, Manifestu txuria izeneko dokumentuan bildu zituen Espazialismo gisa izendatutako mugimendua. “Teknologia berriek artean zuten garrantziaz jardun zen Fontana bertan, eta artea zientzien esparruan sartu beharra aldarrikatu zuen”.

Espazioa zuen amesgaizto, eta argi ez dagoen arren, espazioaren irudikapenaren bila ondu zituen margolan urratuak, 1950eko hamarkadaren amaieran. “Irudikaezina dena irudikatzea zen haren helburua”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.