Pilota

Estilo talka Astelenan

Pilota mota ezberdina aukeratu dute igandeko finalerdirako, eta hala ere biak gustura gelditu dira. Sarrera salmenta motel doa.

Iker Irribarria eta Danel Elezkano iganderako pilotekin. J.C.R. / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 16a
07:11
Entzun

Iker Irribarriak eta Danel Elezkanok bi estiloren arteko talka espero dute iganderako. Buruz buruko finalerdia jokatuko dute Eibarren, eta bere jokoa inposatzen duenak asko irabazita izango dutela uste dute. "Biok aurrelariak gara, baina argi dago ezaugarri ezberdinak ditugula", laburbildu zuen atzo Irribarriak bere analisia. Elezkanok xehetasun gehiago eman zituen. "Ni botera jokatzen hasten banaiz berak irabaziko du. Nik buruz buru jokatzeko estilo bakarra dut, aurrera egin eta errematatu, eta Iker bezalako jotzaileen aurka, gehiago".

Pilota aukeraketan gustura gelditu dia, pilota mota ezberdina aukeratu arren. Elezkanok frontisetik gutxi irteten direnak aukeratu ditu, 105,9 eta 106,1 gramokoak. Irribarriak, aldiz, frontisetik gehiago irteten direnak: 106,5  eta 106 2 gramokoak. Astelena pilotalekuak zorua aldatu zuenetik jokatuko den bigarren txapelketa partida da, eta, espero bezala, Elezkanok gustuko du kantxa berria. "Zaila da zoru berri bat hain ondo egotea lehen egunetik", esan du Errematatzaileentzat aproposa da, ez hainbeste Irribarria bezalako jotzaileentzat. "Oraindik ere neurria hartzen ari naiz", onartu du.

Irribarriak eta Elezkanok ez dute inoiz elkarren aurka jokatu buruz buru, hala ere, oso ondo elkar ezagutzen dute. Izan ere, udaberri honetan, prestaketa garaian, hiru aldiz entrenatu baitute elkarrekin. Ikustekoa izan zen, esaterako, Irribarria eta Victorren arteko pilota aukeraketaren ondoren Astelena bertan eginik lan saioa. irribarria irtengo da faborito igandean, baina Aramakoak saio horietan probatu du zein gogorra den Elezkano. "Aurkari deserosoenetakoa da niretzat. Oso estu hartu nau. Bolea defentsa bikaina du bi eskuekin, eta ez da erraza hura gainetik pasatzea". Astelenako sabaia, gainera, ez dago oso altu, eta horrek pilota asko loratzea oztopatzen du. Astelena aipatzen hasita, zaila dirudi harmailak betetzea. Buruz buruko finalerdia izan arren, sarrera salmenta nahiko motel doa.Atzo eguerdian 650 sarrera zeuden salduta, eta azken orduko bultzadarekin 1.000 ikusle ingurura gerturatu daiteke. Ez dira asko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.