Espainia

Senatuko mahaian EAJri ordezkari bat uzteko prest agertu da PSOE

Bi hautagai kataluniar aukeratu ditu Pedro Sanchezek, Espainiako Gorteetako bi ganberak gidatzeko: Meritxell Bateet eta Manuel Cruz. PSOEk eta Unidas Podemosek Kongresuko mahaiaren kontrola bermatzeko akordioa lortu dute.

Meritxell Batet eta Manuel Cruz PSCko kideak. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 17a
16:44
Entzun

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia Espainiako Senatuko presidente izendatzeko ahaleginak porrot egin ostean, PSOEk Manuel Cruz PSCko kidea proposatuko du Senatuko presidente izendatzeko. Cruz senatari hautatu dute Bartzelonatik, eta PSOEk Senatuan gehiengo osoa duenez, ez luke arazorik izan behar hura presidente izendatzeko. Gehiengo horri uko egiteko prest agertu da, ordea, PSOE; Jose Luis Abalos Antolakuntza idazkariak iragarri duenez, EAJri eta PPri aulki bana uzteko prest daude. Hala, hiru ordezkari izango lituzkete sozialistek Senatuko mahaian, beste hiru PPkoek, eta bat EAJk. Abalosek azaldu du, aurreko legealdiko egoera aintzat hartuta, ez dutela nahi "blokeorik, inposiziorik eta gehiengo absoluturik". EAJren EBBk astelehenean aztertuko du eskaintza.

Espainiako Kongresuan, berriz, beste indar batzuen babesa beharko du alderdi sozialistak Meritxell Batet Espainiako jarduneko Lurralde Politikako ministro eta PSCko kidea presidente izendatzeko. Unidas Podemosekin akordioa lortu du horretarako. Akordioarekin, Kongresuko mahaiaren kontrola izango dute bi alderdiek. Elkarren babesari esker, PSOEk presidentetza, presidenteorde bat eta idazkari bat izendatuko ditu. Unidas Podemosek, aldiz, lehen presidenteordetza eta idazkaritza bat eskuratuko ditu. Bi alderdiek ohar baten bidez eman dute akordioaren berri, gaur goizean. Oharrak dioenez, PPk bi ordezkari izango ditu mahaiean, eta beste horrenbeste izango ditu Ciudadanosek ere. Beraz, mahaitik kanpo geldituko dira alderdi abertzaleak eta Vox eskuin muturreko indarra.

PSOEk Senatuko presidentetzarako Iceta proposatu zuenean, Kataluniako alderdi independentistekiko keinu gisa interpretatu zuten askok, elkarrizketa sustatzeko hautagai egokia izan zitekeela iritzita. Icetaren aukera baztertuta, bi politikari kataluniar aukeratu ditu Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presideteak Kongresuko eta Senatuko presidente karguetarako.

Batetek 46 urte ditu, Zuzenbidean lizentziatua da eta Espainiako Kongresuko diputatu izan da azken bost legealdietan. Sanchezen agintaldian Lurralde Politika eta Funtzio Publiko ministro izan da. Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa politikoa ardura izan du, besteak beste. Eremu horretan, ez du lorpen handirik eskuratu. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzeko ardura izan du, Genikako Estatutuan jasota dauden baina Jaurlaritzara transferitu gabe jarraitzen duten eskumenei buruz. Batetek 33 eskumen transferitzeko egutegia adostu zuen Jaurlaritzarekin, baina bertan jasotako epeak ez dira bete. Apirilerako zazpi eskumen eskualdatzea aurreikusi zuen Espainiako Gobernuak, baina bakarra transferitu du: AP-68 autobidearen kudeaketarako eskumena.

Cruzek 58 urte ditu, Filosofian katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean eta ikerlari aritu da Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Filosofia Institutuan. 2016ko Espainiako hauteskundeetan Batet buru zuen zerrendako bigarren hautagaia izan zen, independente gisa, Bartzelonatik. Kongresuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate batzordeko bozeramaile izan zen aurreko legealdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.