Urtebeteko espetxe zigorra, Gasteizko Mercedeseko buruari

Herrerako mendatean abiadura handiko auto bat ziztu bizian gidatuz, istripu bat eragin eta beste gidari baten bizia arriskuan jartzeagatik jo dute errudun.

Emilio Titos eta semea, epaitegian. DAVID AGUILAR, EFE
2019ko maiatzaren 17a
09:40
Entzun

Gasteizko epaitegi batek urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio Emilio Titos Mercedeseko buruari. Enpresa horretako Espainiako zuzendari nagusia da eta Arabako hiriburuko lantegiko buru nagusia. 2016an Herrerako mendatean abiadura handiko auto batekin ziztu bizian gidatu eta istripu bat eragiteagatik zigortu dute. Epaileak ebatzi du beste gidari baten bizia arriskuan jarri zuela.

Titosen semea, berriz, errugabetu egin du epaileak, nahiz eta hori ere beste abiadura handiko auto bat gidatzen ari zen istripua gertatu zenean. Aita salatu zuen gidariak salatu zuen semea ere, baina epaileak dio ez zela istripuan nahastuta egon, eta nahiz eta gidatzeko bere erak zigor adminitratibo bat merezi izan, zigor arloko kondenarik ez zaio ezarri behar "inolaz ere".

Urtebeteko espetxe zigorraz bain, gidatzeko baimena bi urterako kendu dio epaileak Emilio Titosi. Ez da espetxean sartuko zigorra bi urte baino txikiagoa delako eta aurrekaririk ez duelako. Salaketa jarri zuen beste gidariaren aseguru etxeari 17.762 ordaindu beharko dizkio istripuan izan ziren kalteengatik. Ezbeharra 2016ko irailaren 23an gertatu zen. Titos aita-semeak Mercedes-Benz Clase S eta Mercedes AMG GT S auto bana gidatzen ari ziren.

Epaiak dio biak ere abiadura handia zihoazela, errepide hori horretarako egokia ez den arren. Herrerako mendatea jaitsi eta buelta hartuta berriro igo zuten modu berean, epaiaren arabera. Une jakin batean beste auto bat aurreratzen hasi ziren bide seinaleak errespetatu gabe eta ikusmen nahikoa izan gabe. Gero bihurgune batzuetan Emilio Titosek beste auto bat aurreratu zuen ziztu bizian eta aurreratzen ari zen autoari bat-batean gerarazi egin zion istripua saihesteko. Galgatzerakoan, ordea, beste auto horretako gidariak kontrola galdu zuen eta errepidetik atera zen, ezponda baten kontra jo zuen arte. Epaiak dio aurreratze hori bide seinaleak errespetatu gabe egin zuela Titosek, beste gidariaren bizia arriskuan jarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.