Lauko Finala Gasteizen

Eguraldia bezain giro kaskarra Gasteizen, Lauko Finalaren atarian

Gaurtik hasi eta igandera arte, Euroligako Lauko Finala jokatuko dute Gasteizen. Zaleentzako gune bat ere jarri dute hiriko erdigunean, baina lehen orduetan ez du lagundu giroak.

Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko maiatzaren 17a
21:32
Entzun

Zeru estaliarekin esnatu da Gasteiz gaur, gizonezkoen Euroligako Lauko Finaleko partidak hastekoak diren egunean. Giroa ere ez da hobea izan, goizean zehar behintzat. Guztira, 15.000 bat ikusle espero dituzte igandera bitartean Buesa Arenan. Saskibaloi pista ez ezik, hiriko erdigunea prestatu dute bateko eta besteko zaleak hartzeko, baina hasierako orduetan behintzat, ez da esperotako jai girorik izan Gasteizko kaleetan. Besteak beste, zaleentzako gune bat prestatu dute udaletxe aurreko plazan.

Imanol Magro BERRIAko kazetaria ari da Euroligaren ingurukoak jarraitzen, Gasteizen:

Batez ere, Turkiatik heldutako Fenerbahce zaleak ibili dira Gasteizko kaleetan. Ostalarien itxaropena da arratsaldean eta hurrengo egunetan gora egitea giroak. Eguraldiari ere egotzi diote hasiera txarra.

Joe Arlauckas, Nikola Vujcic, Johnny Rogers, Igor Rakocevic, Andrés Nocioni, Ibrahim Kutluay eta Michalis Kakiouzis jokalari ezagunek inauguratu dute zaleen gunea, Baskoniaren 5+11 fundazioko kideekin partida bat jokatuta. 3x3 lehiaketa, haurrentzako ekitaldiak eta musika emanaldiak ere izango dira gune horretan, besteak beste, igande arratsaldera arte.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Baskoniak eta Euroligak elkarlanean antolatu dute bost milioi euroko aurrekontua duen ekitaldia. Erakunde publikoen artean lau milioi euro jarri dituzte, eta Baskoniak, bat. Gaur jokatuko dira bi finalerdiak. Lehena 17:30ean hasiko da, Fenerbahceren eta Analodu Efesen artekoa. Haren ostean jokatuko da bigarrena: CSKA Moskuren eta Real Madrilen artean, 21:00etan. Igandean jokatuko da finala (20:30), eta orduan jakingo da zein den Euroligako txapeldun berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.