KATALUNIA

Parlamentuan gehiengoa berreskuratuko du subiranismoak

Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull diputatu kartzelatuek parlamentari aktari uko egin diote

Rull eta Turull, iazko martxoan parlamentuan. QUIQUE GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 17a
19:53
Entzun

Espainiako Kongresurako hautetsiak dira JxC Junts Per Catalunyakoak, eta asteartean hartuko dute Espainiako Kongresuko diputatu akta. Oriol Junqueras ere Kongresurako aukeratu dute, eta ERC Esquerra Republicanako liderrak lehengo astean uko egin zion parlamentuko diputatu aktari. Raul Romeva alderdikideak ere gauza bera egingo du, Espainiako Senaturako hautetsia baita. Bostak behin-behineko espetxealdian daude, Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzia dela eta.

Modu horretan, iazko udan galdutako gehiengoa berreskuratuko du independentismoak Kataluniako Parlamentuan. Pablo Llarena auziaren instrukzio epaileak diputatu kargua eten zien, matxinadagatik, auzipetuei. Bi alderdiek ez zituzten parlamentariak ordezkatu, baina ERCk boto delegazioaren antzeko formula bat baliatu zuen Junquerasek eta Romevak bozkatzen jarraitu zezaten. JxCk, ordea, ez zuen formula hori onartu. Beraz, 34 diputaturekin beharrean, 30ekin gelditu zen JxC, eta 31rekin jarraitu zuen ERCk —Antoni Cominek botoa delegatzeari uko egin zion iazko maiatzean—.

68 boto behar dira Kataluniako Legebiltzarrean gehiengoa edukitzeko, eta behin diputatu kartzelatuek eta Carles Puigdemontek aktari uko eginda, eta horiek ordezkatuta —Miquel Buchek, Elena Fortek eta Josep Puigek ordezkatuko dituzte JxCko espetxeratuak—, gehiengo hori lortu ahal izango du independentismoak, CUPen lau diputatuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.