Ibilaldia

Laguntza eskatu du Lekeitioko ikastolak, eguraldiak eragindako galerak berreskuratzeko

Ibilaldiko hasiera ekitaldiko irudia.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 20a
07:40
Entzun

Haratzago leloa aukeratu du Lekeitioko Azkue ikastolak aurtengo jairako, aurrera jarraitu nahi baitu hezkuntza eredu berritzaileen alde egin duen apustuan. Hain justu, bide horretan sakontzera bideratu asmo zuten Ibilaldian bildutako dirua.

Eguraldiak, ordea, asko baldintzatu du jaia. Arratsalderako hobetu, eta jende gehiago gerturatu den arren. Goizean goiz, hainbat ekitaldia bertan behera utzi behar izan dituzte, eta ibilbidea bera ere laburtu egin behar izan dute haizete eta euriteengatik. Horretaz gain, lau guneetako bi ere itxi egin behar izan dituzte. "Espero genuen arratsalderako atertzea, baina euria egin zuen 19:00 ingurura arte. Bildutako dirua inoizko gutxiena izan da, eta zail izango da horri buelta ematea", adierazi du Ibon Goitia Azkue ikastolako zuzendariak.

"Ekonomikoki hipotekatuta geratu gara", azaldu du atsekabetuta Goitiak: "Hainbeste lan eta ilusio jarri ostean, espero baino jende gutxiago etorri da, eta, beraz, ez dugu lortu egindako inbertsioa ordaintzeko adina. Egoera larrian gaude. Zail izango da hau gainditzea". Antolatzaileek azaldu dutenez, kontu korronte bat zabaldu dute Azkue ikastolari sostengua eman nahi diotenentzat .

Ekarpena, berrikuntzara

Aurtengo Ibilaldian bildutako dirua hezkuntza eredu berritzaileen aldeko apustua indartzeko erabili asmo zuen Azkue ikastolak. Ibon Goitia zuzendariak Euskadi Irratian azaldu zuenez, "jolasen bidez ikasteko" prestatu dute ikastolaren barruko eremua, eta, orain, bide beretik jarraitzeko, kanpoko espazioa eraldatu nahi dute.

Azkue ikastola eredu bihurtu da Euskal Herriko ikastetxe askorentzat. Horren adibide, azken hiru urteetan 150 ikastetxeren bisitak hartu dituzte indarrean duten eredua ezagutzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.