Uholdeak

Uholdeak eta luiziak eragin ditu euriteak Oiartzualdean

Uholdeak izan dira Errenterian, Oiartzunen eta Hernanin. Donostian hiru zuhaitz bota ditu euriteak, eta suhiltzaileek hainbat irtenaldi egin behar izan dituzte.

2019ko maiatzaren 19a
10:17
Entzun

Gogotik bota du azken orduetan, eta euriteak hainbat eragozpen sortu ditu Gipuzkoa ipar-ekialdean. Errenterian, gainezka egin du Oiartzun ibaiak. Fanderian irten da bere bidetik, eta auzoko zenbait lokaletan sartu da ura.

Lezon, itxi egin behar izan dute GI-636 errepidea goizean, luizi baten ondorioz. Errepidearen zati bat egokitzea lortu dute, eta, orain, lerro bat irekita dago.

Pasai Donibanen ere luizia eragin du euriteak, eta trafiko eragozpenak izan dira. Itxi egin behar izan dute Donibane eta Lezo arteko GI-3440 errepidea. Ibilgailuak portutik bideratu dituzte.

Hernanin, Goizuetarako bidea itxi dute beste luizi baten ondorioz. Horrez gain, uholdeak izan dira errugbi zelaiaren inguruan.

Donostian, berriz, hiru zuhaitz bota ditu euri jasak, eta suhiltzaileek hainbat irtenaldi egin behar izan dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak arreta biziz gidatzeko aholkatu du, eta ohartarazi du euri asko egin duen inguruetako bideetan ur putzuak daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.