LGTB kolektiboa

Euskal Herriko hainbat LGTB elkartek Harro plataforma sortu dute

"Kapitalismoak egiten duen LGTB kolektiboaren instrumentalizazioari aurre egiteko" batu dira. Ekainaren 15ean aurkeztuko dute Donostiako Urgull mendiko Guardetxean.

Aritz Loiola / Foku

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko maiatzak 20

"Esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko eta elkar sostengatu eta koordinatuz erantzun material bat emateko beharretik" sortu da Harro, Euskal Herrialdeetako Transmaribibollo Plataforma. Ohartarazi dute "kapitalismo aseezina" LGTB mugimendua "instrumentalizatzen" ari dela. Ortzadar LGTB elkarteak eta Bizkaiko erakunde publikoek sustatutako Bilbao Pride ekinbidea —aurten izena aldatu diote, eta Harro Eguna izango da— eta Eurovision jaialdia aipatu dituzte adibide modura. Goizean, Bilbon egindako agerraldi batean eman dute sorreraren berri. Baina ekainaren 15ean egingo dute aurkezpen ekitaldia, Donostiako Urgull mendiko Guardetxean.

"Kide garen elkarteek egiten dituzten ekintza partikularrak batzea da helburua", zehaztu du Bea Macias Montoyak. Gaur-gaurkoz, EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak eta Lumagorri elkarteek eta beste militante batzuek osatu dute plataforma berria. 

"Azken urteetan ikusi denez, kapitalismoa lur ongarritua izaten ari da faxismoarentzat", ohartarazi du Macias Montoyak. Azpimarratu du "faxismoaren gorroto delituek ondorio larriak" dituela LGTB kolektiboan, arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenengan, pertsona arrazializatuengan, musulmanengan, juduengan eta erlijio gutxituetan, eta migratzaileengan.

1969ko ekainaren 29ari erreferentzia egin dio Guille Martinsek. Gogoratu du gau hartan Stonewallen izandako errebolta adreilu batekin hasi zela. Eta adreilu hura erabili du Harroren egitekoa azpimarratzeko: "Suzko adreilu bat gara. Erailtzen gaituen instituzio eta sistema honen erraiak suntsitzeko erabiliko dugun adreilua. Berria den zerbait eraikitzeko erabiliko dugun suzko adreilu bat gara".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna