Gernikako bonbardaketaren inguruko 31 "gezur" jaso ditu Xabier Irujok, liburu batean

1937tik iraun duten hainbat mitoren genealogia egin du historialariak, Gernika. Genealogy of a Lie liburuan. Orain bi urte gazteleraz publikatutako liburua ingelesera itzuli, eta hainbat datu berri argitara eman ditu.

Xabier Irujo liburuaren egilea, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES/FOKU
Julen Aperribai.
2019ko maiatzaren 20a
07:38
Entzun

"Krimen bat dagoen aldiro, gezur bat sortzen da, eta kasu hau ez da salbuespena izan". Hala azaldu du Xabier Irujo historialariak, 'Gernika. Genealogy of a Lie' liburuaren aurkezpenean. Bonbardaketaren hurrengo egunean bertan, Frankok bidalitako telegrama bat da gezurraren iturburua, zehaztu duenez: "Bi agindu eman zituen. Batetik, Gernika ez zela inoiz bonbardatu esateko agindu zuen, eta, bestetik, Gernika erretiratzen ari ziren gorriek erre eta suntsitu zutela adierazi zuen". Frankismoaren kontrolpeko hedabideei mezu hori zabaltzeko deia egin zien Frankok, Irujoren arabera.

Gertakari hura ukatzen zuen bertsioa frankismoaren kontrolpeko hedabideetan eta frankismoaren aliatu ziren gobernuek kontrolatzen zituztenetan zabaldu zen, historialariaren arabera, baina gainerako herrialdeetako hedabideek ez zioten bertsio horri hedapenik eman. Aitzitik, Gernikakoa bonbardaketa izan zela jaso zuten. Gertakarien inguruko ildo erredukzionista bat garatu zen orduan, Irujok azaldu duenez. Albako dukea frankismoarekin lerratu, eta bonbardaketak eragindako kalteak txikiagotzeko saialdia egin zuela dio: "Txosten zientifiko bat egin behar zuela bururatu zitzaion, ez gertakaria ezeztatuz, baizik egia txikituz eta mugatuz". Kalteen inguruan txosten horrek jaso zuena jarri du adibidetzat: "Bonbardaketa txikia izan zela dio, eta hegazkin gutxi izan zirela parte hartu zutenak. Besteak beste, bonbardaketan sei bonba bota zirela dio".

31 "gezur" dokumentatu ditu Irujok liburuan. Haietako bakoitza nola eta nork sortu den aztertu du, eta nola iraun duen hainbeste urtez. Haietako batzuk Franko hil aurretikoak direla adierazi du, eta ondorengo 40 urteetan ere bizirik jarraitu dutela. Hildako kopuruaren ingurukoa nabarmendu du: "Gaur egun, oraindik badira egileak 100 eta 300 hildako artean izan zirela diotenak, inongo dokumentazio lanik egin gabe. Guk, aldiz, baditugu 50 dokumentu gutxienez, hildakoak 2.000 baino gehiago izan zirela ziurtatzen dutenak".

15 urteko ikerketa eta dokumentazio lana dago ikerketaren atzean. Dokumentazio lanaren eta garaiko testigantzen bidez osatu du liburua. Gaia nazioartekotzea da liburuaren xedea. Gertakariaren bertsio ofizialaren egiazkotasunaren inguruko ia ezer ez dela argitaratu orain arte azpimarratu du Irujok, "ez Euskal Herrian, ezta Euskal Herritik kanpo ere". Aurrekaritzat jo du Herbert Southworth idazle, kazetari eta historialariak 1970eko hamarkadan egindako lana. 50 urtean gaiaren inguruan ingelesez argitaratutako lehen liburua da Gernika. Genealogy of a Lie.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.