Heriotza

Niki Lauda 1 Formulako gidaria hil da

70 urterekin hil da 1970eko eta 1980eko hamarkadetan 1 Formularen ikurretako bat izandakoa. 1976an, istripu larria jasan zuen Alemanian, eta erredura larriak utzi zizkion aurpegian eta gorputzean. Iaz, biriketako transplante bat egin behar izan zioten.

Niki Lauda, 2014ko argazki batean. HANS KLAUS TECHT, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 21a
11:40
Entzun

1976ko abuztuaren 1ean izandako istripuak, aurpegian eta gorputzaren kanpoaldean ez ezik, biriketan ere eragin zion Niki Laudari (1949, Viena). "Ondorioak ez dira hainbeste azalekoak izan, baizik eta barrukoak", ekarri du gogora Laurentzi Garmendia BERRIAko adituak. Iazko abuztuan transplante bat egin behar izan zioten Laudari, ezustean, eta hainbat hilabete pasatu zituen ospitalean. Atzo hil zen 1 Formulako gidari ezaguna, familiak ohar bidez jakinarazi duenez: "Kirolari eta enpresari gisa lortutakoak ahaztezinak dira, eta izango dira".

Austriar gidariaren heriotza "galera handia" izan dela nabarmendu du Garmendiak: "Gidari gisa ausarta izan zen beti, baina segurtasun aldetik oso kontzientziatua". March taldearekin hasi zen 1 Formulan, eta 1974an fitxatu zuen Ferrarik. Hurrengo urtean irabazi zuen lehen 1 Formula lasterketa, eta 1976an ezbehar larria izan zuen Alemaniako sari nagusian, Nurburgring zirkuituan. 1977an eta 1984an ere irabazi zuen 1 Formula.


Clay Regazzoni (ezkerrean) eta Niki Lauda (eskuinean), Italian, 1975eko argazki batean. STF

Istripuaren ondorengo pasadizo bat kontatu du Garmendiak, segurtasunarekin zuen kontzientziaren adierazgarri. Besteak beste, begiak ondo itxi ezinda geratu zen Lauda ezbeharraren ondorioz, eta, euria ari zuen batean, uko egin zion jarraitzeari, irabazteko aukera izan arren. Izan ere, ezin zuen nahi bezala ikusi, eta segurtasuna lehenetsi zuen, laugarren txapelketa eskura izan arren. Garmendia: "Gaur egun segurtasun maila hau baldin badaukagu, neurri handi batean izan da hark emandako pausoengatik. Horrelako eragina duen pertsona bat gidatzen hasi eta prest ez dagoela esaten duenean, kasu egiten zaio. Adorea zuen gidatzean, eta baita pentsatzen zuena esateko ere".

Adore handia erakutsi zuen lehiaketara itzultzeko orduan ere. "Miragarria izan zen", BERRIAko adituaren hitzetan: "Erredura oso larriak izan zituen, eta fisikoki ere oso ukituta geratu zen, baina denek uste baino lehenago itzuli zen. Ez zen %100era egongo, baina paziente gisa oso txarra zela uste dut, eta guztiz osatu baino lehen han agertu zen Italiako sari nagusian. Horrek aukera eman zion bukaerara arte titulua lortzearren lehiatzeko".

Enpresari, aholkulari...

Autotik jaitsi ondoren ere ez zen geldi egotekoa izan Niki Lauda. Besteak beste, Lauda Air konpainia sortu zuen. Jaguar taldea 1 Formulara iristean, hura jarri zuten arduradun, eta beste talde batzuekin ere ibili izan da. 2012an, Mercedes taldeko aholkulari izendatu zuten, eta lan horretan aritu da azken urteetan. Garmendia: "Seguru nago gidarien arteko gatazkak-eta kudeatzean, izan duela bitartekari lan bat. Mercedesen arrakastaren parte ere bada, taldearen antolakuntzan pisua izan baitu".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.