ESPAINIA

"Legeak behartuta" hartu dute kargua Kataluniako presoek

Espainiako Kongresua osatzeko saioan izan dira, eta tentsio uneak izan dira zin egin dutenean. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak "argi" ikusten du preso subiranistei kargua etetea. Krongresuko Mahaia bihar bilduko da erabaki bat hartzeko.

Orio Junqueras karguari zin egiteko unean. GUILLEN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 21a
20:15
Entzun

Iskanbilarik ez da falta izan gaur goizean Espainiako Kongresuan diputatuen kargu hartzeko ekitaldian. Atzo akta jasotzera joan ondoren, han ziren preso dauden Kataluniako prozesu subiranistaren buruak: Oriol Junqueras (ERC), Josep Rull, Jordi Turull eta Jordi Sanchez (JxC). "Legeak behartuta" hartu dute kargua, eta egin dutenean ganberako beste diputatu batzuek zalaparta handia egin dute.

"Preso politiko gisa" mintzatu da Junqueras, eta beste diputatu batzuek ere egin diete aipamena. Zapatekin zorua joz zarata izan da aurkakoen erreakzioa. Saioaren amaieran, Kongresuaren osaera ez dela egoki egin kritikatu du Albert Rivera Ciudadanoseko buruak: "Preso politikoei buruz hitz egitea ahalbidetu da, demokrazia batean. Espainia demokrazia bat da, eta hemen ez dago preso politikorik, hemen justizia dago", esan du Riverak, eta "neurriak hartzeko" eskatu dio Mahaiko presidente aukeratu berriari, Meritxell Bateti. Hark ez dio protesta onartu, eta prozedurak behar bezala egin dituztela defendatu du: "Formula guztiak errespetuz bete dituzte diputatuek".

[YouTube]https://youtu.be/6_QQ-8ndcC8[/YouTube]

Bestelako giroa izan da giroa presoak Kongresuan sartu direnean. Epailearen baimenarekin, Soto del Realetik Kongresuraino eraman dituzte bigarrenez Junqueras, Sanchez, Rull eta Turull diputatuak. Txalo artean jaso dute Senatuan Raul Romeva senatari preso, eta txaloak izan dira nagusi Espainiako Kongresuan aretora sartu direnean. Denek ez diete harrera ona egin: esku zartaden artetik "kanpora" oihuak entzun dira.

Gaur, hala ere, izan dute aukerarik kongresukideak agurtzeko. Inor gutxik ukatu die agurra. Ines Arrimadas C's-eko diputatuak, esaterako, bi musu eman dizkio Josep Rulli, eta eskua, berriz, Turulli. Pedro Sanchez jarduneko presidenteak berak ere agurtu ditu lau diputatu presoak, eta Junquerasekin hitz egiten aritu da tarte batez. "Nola zaude?", galdetu dio Sanchezek. Junquerasen erantzuna: "Hitz egin behar dugu".

Junquerasek Twitterren eskertu egin die alderdkide eta militanteei Kongresuan egoteko aukera ematea.

Soto del Real espetxetik Kongresurako bidea egiten duten bigarren aldia da gaurkoa. Kataluniako prozesuaren inguruko auzia daraman Manuel Marchena epailearen baimena jaso dute horretarako. Atzo egin zituzten lehen tramiteak, eta gaur hartu dute kargua. Ondoren, Kongresuko Mahaia osatu dute, eta hark erabaki beharko du lau diputatu presoek karguan jarraituko duten edo ez.

Calvok "argi" ikusten du preso subiranistei kargua etetea

Gaurko saioa egin aurretik Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak bi irratitan esan du "argi" ikusten duela preso subiranistei kargua eten behar zaiela. Azpimarratu du auzipetuta daudela, eta horri buruzko "irakurketa bakarra" egin daitekeela: "Ezin dute haien kargua bete. Zentzu horretan artikulu bat dago Kongresuaren arautegian, argi azaltzen duena. Auzitegi Gorenak esango du argi". Gorenak, baina, Kongresuko Mahaiaren esku utzi du erabaki hori.

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak esan du bihar Mahaiko kideak Espainako erregearen bilduko direla eta ondoren egingo dutela horri buruz erabaki bat hartzeko bilera. Zenbait iturriren arabera, Mahaiak kargugabetu egingo ditu lau diputatuak. Azken erabakia Gorenaren esku ere utz lezake. Kasu horretan, Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aplika lezake hark. Horren arabera, kargudun politiko bati kargu publikoa eteten zaio baldin eta matxinada delituagatik auzipetua eta kartzelatua baldin badago. Hori da hautetsi independentisten kasua.

Kataluniako Generalitateak eskatu du "hautetsontziak errespetatzeko" eta kargurik ez eteteko.

Batet presidente, bigarren itzulian

Bi bozketa behar izan ditu Meritxell Batet sozialistak Kongresuko presidente izateko beharrezko botoak eskuratzeko, lehen itzulian gehiengo absolutua lortzeko boto bakarrera geratu baita. Boto baliogabeak eman dituzte ERCko eta EH Bilduko diputatuek. Esquerrakoek xingola horiak marraztu dituzte, eta azpian Llibertat idatzi. Koalizio abertzalekoek, berriz, Llibertat, askatasuna idatzi dute euren botoetan. Junts per Catalunyakoek txuri bozkatu dute eta EAJkoek Bateten alde egin dute.

Bigarren itzulian aldeko 172 boto lortu ditu Meritxell Batet sozialistak, eta beraz, Kongresuko presidente aukeratu dute. Mahaiko presidenteorde aukeratu dituzte Gloria Elizo (Podemos), Alfonso Rodriguez (PSOE), Ana Pastor (PP) eta Jose Ignacio Prendes (Ciudadanos). Idazkari, berriz, Gerardo Pisarello Prados (Podemos) Sofia Hernanz Costa (PSOE), Adolfo Suarez Illana (PP) eta Patricia Reyes Rivera (Ciudadanos) izango dira.

Aldiz, lehen itzulian hautatu dute Manuel Cruz Senatuko presidentea, 140 senatariren babesarekin. Senatuaren kasuan mahaiko kideak ere hautatu dituzte: Fernando Martinez eta Olivia Delgado sozialistak, Imanol Landa jeltzalea eta PPko Rafael Hernando. Landaren kasuan "legeak aginduta" formula erabili du Konstituzioari zin egiteko, eta euskaraz eta gaztelaniaz egin du kargu hartzea.

Argazki bitxiak

Lehen eguna izanik, diputatuek ez zuten esertzeko leku finkorik, eta, ondorioz, talde bitxiak sortu dira Kongresuko ganberan. Esaterako, Voxeko diputatuen artean geratu da PSCko Jose Zaragoza, eta haien aurrean eseri da Pedro Sanchez presidentea. Junts per Catalunyako diputatu presoen kasuan, alderdikideek hartu diete tokia euren ondoan egon zitezen.

Turull gerturatu da PSCko Jose Zaragoza agurtzera, eta Voxeko Santiago Abascalek bizkarra eman dio, harekin hitz egin beharrik ez izateko. Ez da bakarra izan Ciudadanoseko buru Albert Riverak ere ez ditu agurtu eta Twitterren idatzitako mezu batean "berehalakoan kargugabetzeko" eskatu du. Aldiz, Ciudadanos eta Voxeko diputatuen arteko harremana ona dela dirudi, tartez luzez egon da Abascal C's-eko bi diputaturekin hitz egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.