Alaves

Asier Garitano: "Abelardoren bidetik jarraitu nahi dut"

Urtebeterako sinatu du, eta mailari eustea hartu du helburu. Kerejetaren aroan Alavesek izan zuen hamabigarren entrenatzailea da.

Asier Garitano Alaveseko entrenatzailea, gaurko aurkezpenean. ALAVES
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 21a
16:26
Entzun

Asier Garitanok (Bergara, Gipuzkoa, 1969) ez du iraultzarik egiteko asmorik Alavesen. Badaki nora iritsi den, eta zentzu handiz hitz egin du bere aurkezpenean. "Talde honetan gauzak ondo egiten ari dira, eta horri jarraitutasuna emateko ekarri naute. Abelardok lan ona egin du, eta hark markaturiko estilotik jarraitu nahi dut". Sergio Fernandez kirol zuzendariak gauza bera nabarmendu du, eta Garitano "aspaldiko" helburua dela esan du. Garitano xalo mintzatu da, eta argi utzi du helburua mailari eustea dela. Gero gorago begiratu daitekeela esan du, baina lehenbizi ez jaistean pentsatu behar dela.

Bide horretan, talde lanean jardungo den multzoa nahi duela nabarmendu du, "taktikoki aberatsa, azken urtean jokatu duen bidetik".
Orain, taldea osatzeko garaia iritsiko zaio, eta jokalari asko fitxatu beharko dituztela uste du. "Sasoi ona egin du Alavesek, eta kostako da utzita egon diren jokalari askori eustea". Fitxaketen inguruan Javi Erasoren izena irten da hedabideetan, Leganesen Garitanoren aginduetara jardundakoa "Kontratua duen jokalari bat da, eta ez da erraza izaten halakoak erakartzea. Aukerak aztertu behar dira". Erasok hamahiru partida jokatuko ditu bakarrik sasoi honetan.

Calleri, Jony...

Sergio Fernandezi egokitu zaio jokalariei buruz hitz egitea, eta zuzenean galdetu diote Jonny, Calleri eta Baston utzitako jokalarien inguruan. Kirol zuzendariak ez du zehaztasun handirik eman, baina, ulertzera eman duenez, zaila izango da erasoko jokalariei eustea. "Nahiko nuke gurekin jarraitu ahal izatea. Baina haiekin edo haiek gabe, gure lana da ahalik eta talde indartsuena izatea".

Asier Garitano Josean Kerejetaren aroan Alavesek izan duen hamabigarren entrenatzailea da. Lazkaotarrak 2011n hartu zuen Alavesen lema. Taldea Bigarren B Mailan zegoen orduan, eta, harrezkeroztik, 11 entrenatzaile izan ditu zortzi urtean: Luis de la Fuente, Juan Carlos Granero, Natxo Gonzalez, Juan Carlos Mandia, Alberto Lopez, Jose Bordalas, Mauricio Pellegrino, Luis Zubeldia, Javi Cabello, Gianni de Biasi eta Abelardo Fernandez. Garitano hamabigarrena izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.