Enpresak

Orklik Italiako Gruppo Giordanoren %45 bereganatu du

Mondragon Taldeko kooperatibak azaldu du ingeniaritza elektronikoan indartzea ekarriko diola.

Patxi Lopez eta Bruno Giordano, Orkli eta Gruppo Giordanoren zuzendari orokorrak, hurrenez hurren, erosketaren sinadura ekitaldian. MONDRAGON TALDEA
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 22a
07:21
Entzun

Gipuzkoako kooperatibak jakinarazi du Italiako Gruppo Giordano konpainiaren kapitalaren %45 bereganatu duela, eta erosketarekin "ingeniaritza elektronikoaren negozioan" indartu nahi duela. Gruppo Giordano ingeniaritza elektronikoko konpainia 2004an sortu zuten Veronan (Italia), 160 langile dauzka, eta, iaz, 20 milioi euro inguru fakturatu zituen; konpainiak produkzio planta bat dauka Errumanian.

"Gruppo Giordanorekin, Gipuzkoako kooperatiba, mundu mailan gas segurtasunaren liderra dena eta maila globalean erreferente bat ur berokuntzaren eta Home Confort sektorean, bete-betean sartu da elektronikaren negozioan", azaldu du Mondragon Taldeko kooperatibak, ohar baten bidez. Azaldu duenez, Italiako enpresak kontrolerako sistema elektroniko berritzaileak diseinatu eta fabrikatzen ditu, besteak beste, berokuntza, aireztapen eta aire egokituko sistemetarako (HVAC), bizitegietako energia kudeatzeko eta OEM errekuntza kontrolatzeko sistemetarako.

Sinergiak

Orklik espero du bi konpainien artean dauden sinergia ugariek lagundu egingo dutela produktuaren soluzio berri eta berritzaileak garatzen, eta, horri esker, bezero eta merkatu berriak lortuko dituztela bi enpresentzat. Orkliko zuzendari nagusi Patxi Lopez Urkiolaren esanetan, "gure plan estrategikoaren bide orriari jarraitzen diogu, hor adierazi baikenuen proaktiboak izango ginela eragiketak eta aliantzak egiteko, gure negozioa etorkizunean garatzeko aukera berriak sortzeko. Gruppo Giordanoren % 45 erostea guztiz bat dator estrategia horrekin, gure proiektuari eta jarduerei balio erantsia, ezagutza eta aplikazio erreal eta aurreratuak ekarriko dizkielako”.

Kooperatibak urteak daramatza aliantzen eta erosketen bidean. 2015ean, esate baterako, Italiako Valmex enpresaren %40 erosi zuen, eta aliantzak eta lankidetzak garatzen ditu Bayreuth eta Mondragon Unibertsitateekin eta Fraunhofer institutuarekin. Orkli munduko liderra da gas segurtasunaren merkatuan, eta erreferentzia ur berokuntzaren eta konfortaren sektorean mundu mailan: 1974an sortua, 1.100 langile ditu Ordizian (Gipuzkoa) Italian, Txinan eta Brasilen banatuta; 250 milioi euro saltzen ditu, eta bere produkzioaren % 80 baino gehiago esportatzen ditu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.