Aralarko pistak

Gipuzkoako Mendizale Federazioak eskatu du ez dezatela pistarik egin azterketarik egin gabe

Abeltzaintza eredua aldatu beharra dagoela zehaztu du federazioak, eta proposatu du batzorde bat sortzea, erabilera guztiak kontuan hartuko dituena.

jarraia166694.jpg
2019ko maiatzaren 22a
16:11
Entzun

Aralarako pisten inguruko eztabaidak aurrera jarraitzen du. Gipuzkoako Mendizale Federazioa hitz egiten azkena. Hark gogorarazi du Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua izateagatik dagoela Aralar Europako Natura 2000 sare barruan, eta haren kudeaketaren helburua dela natur baliabideak babestea.

Federazioaren iritziz, beharrezkoa litzateke Aralarko abeltzaintza ereduari buruzko hausnarketa egitea inolako pistarik egin aurretik, eta horretarako proposatzen du ikuspegi eta erabilera desberdinak aintzat hartuko dituen batzorde bat sortzea, "larreen produktibitatearen eta ganadu kopuruaren arteko oreka lortu, atzerakorik ez duten ingurumen kalteak eragozteko neurriak zehaztuko dituena".

Landarlan Ingurumen Elkartea bat etorri da Mendizale Federazioaren erabakiarekin, eta antxoaren kuotarekin alderatu du Aralarko egoera. "Azken azterketen arabera, Aralarko kuotaren %140 bazkatzen da. Abeltzain profesionalen aziendek ustiapen horren ia %100 eramaten dute; hortik gorakoa, abeltzain ez-profesionalen kargura doa. Zer pentsatuko lukete itsasotik bizi diren arrantzaleek aisialdiko arrantzaleek nahi adina antxoa arrantzatuko balute?".

Elkarteak salatu du euren jarrera dela-eta zenbait alderdi eta sindikatuk "baserritarren etsaitzat" jo dituztela, pista sare baten aurka egoteagatik, eta zehaztu bide horiek "kudeaketa trakets baten izozmendiaren punta" direla. Hori ikusirik, elkarteak herritarrei eskatu die igandeko hauteskundeetan bozkatzeko orduan kontuan hartzeko alderdiek zer proposamen egin dituzten Aralarren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.