'Brexit'-a

Mayren dimisioa baztertu du Erresuma Batuko Atzerri ministroak

Brexit-erako bidea adostu ezinak estutasunean jarri du Theresa Mayren gobernua; alderdi barruko hainbat kidek eskatu diote dimititzeko. Europako parlamenturako hauteskundeak dituzte gaur.

Theresa May, atzo, Erresuma Batuko parlamenuan. JESSICA TAYLOR/UK PARLIAMENTARY
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 23a
13:22
Entzun

Dimisio hotsak dabiltza Theresa Mayren inguruan. Andrea Leadsom gobernuaren eta parlamentuaren arteko harremanaren ardura zuen ministroak dimititu zuen atzo, eta gero eta gehiago dira Mayri kargua uzteko eskatzen ari direnak alderdi kontserbadorearen barruan. Dagoeneko, gobernuko 36 kidek utzi dute kargua brexit-aren ondorioz. Gaur The Times egunkariak dakarrenez, gainera, ostiralean bertan dimisioa aurkeztea aztertzen ari da May; 1922 Batzordeko buru Graham Bradyrekin bildu ondoren iragarriko luke erabakia; betiere, hedabide horren arabera. Baztertu egin du aukera hori Jeremy Hunt Atzerri ministroak; haren hitzetan, ekainaren 3tik 5era Donald Trump AEBetako presidenteak egitekoa duen bisitan, "Theresa May izango da lehen ministroa harrera egiteko".

Ziurgabetasun giro horretan, Erresuma Batuko herritarrak izan dira aurrenak Europako Parlamenturako boza ematen, Herbehereetakoekin batera. Gaur hasi eta maiatzaren 26ra bitartean egingo dira EBko hauteskundeak, eta igande gauetik aurrera jakinaraziko dituzte emaitzak —egun horretan bozkatuko dute herrialde gehienetan—. Erresuma Batuan, brexit-ak baldintzatuko ditu bozak: Komunen Ganberan ez dute Theresa Mayren gobernuak eta EBk egindako akordioa berretsi, eta, adostasunik ez zegoenez, urriaren 31ra atzeratu zuten irteera. Ez zuten aurreikusita, baina behartuta daude, beraz, hauteskundeetan parte hartzera. 73 eurodiputatu hautatuko dituzte Erresuma Batuan, baina gobernuaren jarraipena ere kolokan jar dezakete hauteskundeek.

Gaur egun, hemezortzina ordezkari dituzte Bruselan Erresuma Batuko kontserbadoreek eta laboristek, Brexit Alderdiak 14 —UKIPenak ziren lehen—, eta Eskoziako SNPk eta Liberal Demokratek gainerakoak.

Irteerarako lege proiektua atzeratu du Mayk

Lehen ministroak agerraldia egin zuen atzo brexit-a gauzatzeko bide orriaz, eta, bihar zen aurkeztekoa Irteera Akordioaren lege proiektua, ekainaren 7an bozketa egiteko. Atzeratu egin du agerraldia, ordea; ekainaren 3an egingo du, gaur jakinarazi duenez. Orain arte argitaratutako inkesten arabera, bloke handiek hegemonia gal dezakete igandean: PPE Europako Alderdi Popularrak eta SD Sozialdemokratek dute ordezkaritzarik handiena gaur egun, baina parlamentua zatituago gera liteke indar berriak sartzearen ondorioz; besteak beste, eskuin muturreko taldeek eta euroeszeptikoek gora egitea espero da.

Ipar Irlandan, bihar bozkatuko dute, eta Eslovakian eta Txekiar Errepublikan, larunbatean. Gainerako herrialdeetan, igandean irekiko dituzte hautetsontziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.