Katalunia - Espainia

Hautetsi katalanak kargugabetzea erabaki du Kongresuko Mahaiak

PSOEk, PPk eta Ciudadanosek babestu dute erabakia, eta aurka bozkatu du Unidas Podemosek. Espainiako Kongresuko zerbitzu juridikoen txostena eskatu ondoren hartu dute erabakia; legelariek ere karguak etetearen alde egin dute.

Meritxell Batet Kongresuko presidentea. Auzitegiek gorteen esku utzi dute diputatu eta senatari presoei buruzko erabakia. J. J. GUILLEN, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Hodei Iruretagoiena
2019ko maiatzaren 24a
09:49
Entzun

Espainiako Kongresuko legelarien iritziari jarraituz, diputatu hautatu dituzten preso katalanak kargugabetzea erabaki du Kongresuko Mahaiak, PSOEren, PPren eta Ciudadanosen botoekin; aurka bozkatu du Unidas Podemosek, erabakia hartzeko "denbora falta" zitzaiela argudiatuta. Aurrez, txosten juridiko bat eskatu zuen Mahaiak, eta karguen etetea "automatikoa" izan behar dela esan zuten legelariek; berehala gauzatu behar dela erabakia, alegia. Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull ezingo dira diputatu izan, beraz, apirilaren 28ko hauteskundeetan hautatuak izan arren.

Erabakia jakin bezain pronto, Senatuko Mahaiko presidenteari ere bilkurara deitu eta bide beretik jotzeko eskatu dio PPk, Raul Romeva senatari presoari ere kargua eteteko. Romevaren Twitter kontuan ondoko mezua zabaldu dute: "Gaur ikusi dugu beste behin [Espainiako] Estatuaren obsesioa demokrazia bertan behera uzteko, eta beste behin berretsi dugu obsesio hori kolore politikoen gainetik dagoela. Nahi duzun Espainia, diote".

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak eskatu zion aholkua legelari taldeari: txosten bat egiteko agindu zien, zehaztu dezaten zein oinarri izan ditzakeen Kongresuak lau diputatu presoei kargua eteteko. Batetek, izan ere, "berme juridiko guztiekin" jardun nahi duela argudiatu zuen.

Atzoko bilkuran onartu zuen Kongresuko Mahaiak legelariei eskaria egitea. PSOEko eta Unidas Podemoseko ordezkariak agertu ziren erabakiaren alde. PPko eta Ciudadanoseko ordezkariek, berriz, kontra bozkatu dute, eta lau diputatu presoei kargua berehala etetea galdegin zuten.

Auzitegi Gorena izan zen mugimendua egiten lehena, eta jakinarazi zuen Kongresuko araudiaren arabera ez zegokiola berari diputatu eta senatari presoen karguei buruz erabakitzea. Xake partida bat balitz bezala, ordea, hurrengo mugimenduan gauza bera egin zuen Mahaiak ere; alegia, beste behin Gorenari eskatu zion eman zezala pausoa. Eskaera Meritxell Batet presidenteak egin zuen: "Jurisdikzio funtzioa botere judizialari dagokio; berak erabaki du zer egoeratan geratzen diren behin-behinean espetxeratutako pertsonak".

Baina Gorenak bereari eutsi dio, eta jakinarazi du ez dela "bideragarria" Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikuluaren ezarpenari buruzko txostenik egitea. Manuel Marchenak zuzentzen duen aretoak gogorarazi dio Bateti Kongresuko araudiak Mahaiaren esku uzten dituela halako erabakiak, eta hark baduela kargudun politiko bati kargu publikoa eteteko eskumena, baldin eta matxinada delituagatik auzipetua eta kartzelatua badago. Hain zuzen ere, horixe da Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull diputatuen eta Raul Romeva senatariaren egoera.

Ganberako araudian, baina, 21.2 artikuluak beste elementu bat gehiago jasotzen du kargua eteteko baldintzen artean: erreguzko eskaera. Artikulu horrek dioenez, diputatu bati kargua etengo diote ganberak erreguzko eskaeraren helburua baimendu duenean eta auzipetze autoa irmoa denean zein diputatua behin-behinean kartzelan dagoenean. Diputatu presoen kasuan, ordea, ez da egon erreguzko eskaerarik, Marchena epaileak eskaera hori egiteari uko egin ziolako.

Fiskaltzak, berriz, Gorenari eskatu dio presio egin diezaiela gorteei diputatu eta senatari presoei buruzko erabakia "lehenbailehen" har dezaten. Hark gogorarazten du ez dela lehen aldia halako egoera bat gertatzen dela. Pablo Llarena instrukzio epaileak prozesu subiranistaren aurkako kausa judiziala itxi eta auzipetze autoa berretsi zuenean, 384 bis artikulua aplikatu zien buruzagi subiranista horiei beraiei, eta Gorenak parlamentari kargua eten zien Kataluniako Parlamentuan.

Puigdemonten kargugabetzea babestu du Gorenak

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu subiranistari lotutako beste erabaki bat ere hartu zuen atzo. Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua Generalitateko presidentetzatik kentzeko erabakia "zuzenbidearen araberakoa" izan zela ebatzi zuen. Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko hautua egin zuen Mariano Rajoyren gobernuak, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin, eta Senatuak erabakia onartu ostean, Kataluniako presidente kargutik kendu zuten Puigdemont.

Kataluniako presidente erbesteratuak helegitea aurkeztu zuen kargugabetze horren kontra, eta Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako aretoak baztertu egin du helegite hori. Argudiatu duenez, kargugabetzea ezarri zenerako, Puigdemontek bere eskumenetatik kanpo jardun zuen eta "bere estatutu eta konstituzio estatusaren balioa gutxitu" zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.