Gerhard Richter

Argazki diren margolanak

Gerhard Richter artistaren hamar itsas paisaia jarri ditu ikusgai Bilboko Guggenheim museoak: zortzi margolan eta paperean egindako bi. Richterrek inoiz areto berean erakutsitako itsas-paisaia multzorik handiena da.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 23a
12:23
Entzun

"Erakusketa txikia da, baina, era berean, inoiz egin den handiena ere bada". Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak argitu du: ez da inoiz elkarrekin erakutsi Gerhard Richter (Dresde, 1932) artista alemanaren horrenbeste itsas paisaia. Itsasoa ardatz hartuta, 24 margolan egin zituen artista alemanak 30 urtean, eta horietako zortzi areto berean bildu ditu Guggenheim museoak. "Inoiz ez da halako erakusketarik egin", zehaztu du Lucia Agirre komisarioak. Margolanez gain, paperean egindako bi irudi ere bildu dituzte Gerhard Richter. Itsas paisaiak erakusketan. Irailaren 9ra bitarte izango da ikusgai.

Ikusleari desafioa egitea da Richterren itsas paisaien xedea. "Ez du argazki bat pintatu nahi, berak argazkia egin nahi du pinturarekin", azaldu du Agirrek. "Richterren obra existitzen den horretatik abiatzen da; dagoena irudikatzen du. Baina gizakiak arreta jartzen ez duen hori koadroan antzematea da haren helburua". Familia albumetatik jasotako erretratuak erabili zituen artistak hasieran; baina, gerora, berak ateratakoetatik abiatu zituen lanak. "Bitxia da, itsasoari ateratako milaka argazki baititu artxibategian, baina 30 urtean 23 margolan besterik ez zituen egin". Collagearen bidez ondu zituen obra gehienak: toki zehatz batean itsasoari ateratako argazkia, beste toki eta momentu batean zeruari ateratakoarekin nahasten zuen. 1968an hasi zen itsasoa margotzen, eta 1998koa du azken alea: Bilboko Guggenheim museoaren bilduman dagoena, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.