Lan osasuna

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bateratura deitu dute sindikatuek

Barazarren hildako kamioi gidariaren heriotzaren harira, eta ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar Bilbon.

Atzo Azpeitin (Gipuzkoa) egindako elkarretaratzea. JON URBE, FOKU
2019ko maiatzaren 23a
17:15
Entzun

"Lan istripuen atzean ezkutatzen den prekaritatea errotik ezabatzeko" eskatu diete ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek arduradun politikoei, "benetako segurtasun politikak ezarriz eta enpresetan jarraipen zorrotza eginez". Aste honetan, denera, lau langile hil dira lan istripuetan; astelehenean, Zarautzen eta Zestoan (Gipuzkoa) zendu ziren bi langile, eta atzo, Altzairutegiko langile bat hil zen Loiun, eta kamioilari bat Barazarren (Bizkaia). Bereziki, garraiolariaren heriotza salatu dute sindikatuek, eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkiete senide eta lagunei. Bihar, elkarretaratze bat egingo dute Bilbon, 11:30ean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Sindikatuek salatu dutenez, "garraiolari eta gidarien lan istripuak errepideko istripuen zenbatekoen atzean ezkutatzen saiatzen dira askotan". Horrela, "zenbateko beldurgarria" ezkutatu nahi izana kritikatu dute; gogora ekarri dutenez, izan ere, iaz lanean hildako 68 pertsonetatik 24 errepidean hil ziren, eta garraiolariak ziren 15. Aurten, 20 dira dagoeneko hildako langileak.

Egoera horren erantzuleak dira, besteak beste, "presa, estresa, bidaien salneurri txikiak, ezinezko ordutegiak, lanegun luzeak, kamioi zamaketa eta hustuketa lanak —egin behar ez lituzketenak baina askotan egitera beharturik daudenak—, eta garraio merke eta isilaren bila administrazioak ageri duen utzikeria sektorearekiko"; hala salatu dute ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk eta HIRUk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.