Bizkaiko metalgintza

Bizkaiko metalgintzako enpresen %70-80ek greba egin dute, sindikatuen arabera

Sindikatuek esan dute arrakastatsua izan dela lanuztea, eta Bilbon egindako mobilizazioan 10.000 pertsona zenbatu dituzte.

jarraia166748.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko maiatzaren 23a
07:29
Entzun

Bizkaiko metalgintzan bost greba eguneko lehena egin dute gaur, eta sindikatuek azaldu dute arrakastatsua izan dela. Azaldu dutenez, enpresen %70-80 inguruk bat egin dute lanuztearekin, 50.000 langile inguruk, Mikel Etxebarria ELAko metaleko arduradunaren arabera. Bilbon egin duten mobilizazioa ere jendetsua bezain zaratatsua izan da: 10.000 pertsona inguru batu dira. Sektoreko “itun duina” lortzeko egin dute mobilizazioa, eta argazkia ezohikoa izan da. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatu deitzaileez gain, ESKk, LSB-USOk, CNTk eta CGTk ere bat egin baitute grebarekin. Batasun irudi horrekin lortu dute sektorean azken urteetan ikusi den mobilizaziorik handiena.

LABek ohar bidez azaldu duenez, FVEM Bizkaiko metaleko patronalari mezu argia bidali diote: “Guztiok batera borroka egitera goaz bizi duina bermatuko digun Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren alde”. Sindikatu eta patronalak ekainaren 3an bilduko dira hogeigarren aldiz, eta “FVEMek aukera berria izango du proposamen bat mahai gainean jartzeko”. Sindikatuek egindako proposamenari erantzuna emango die patronalak bilera horretan, baina, akordio bat lortu ezean, greba egingo dute ekainaren 6an, 7an, 20an eta 21ean.

Soldata igoera

Sindikatuek duela bi aste inguru sortu zuten sektoreko plataforma bateratu bat, eta mobilizazio agenda partekatzearekin batera, ituna lortzeko proposamena ere egin zuten: 2018ko urtarriletik pilatutako atzerapenak ordain diezazkieten nahi dute; bai eta itun posiblearen kontura aurreratutako ordainketak itzuli beharrik ez izatea ere, haiek itunak jasotzen dituenak baino handiagoak diren kasuetan. KPI+%2ko igoera eskatzen dute tauletan, eta KPI+%1ekoa soldata errealetan, itunaren indarreko urte bakoitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.