India

Narendra Modi lehen ministroak irabazi ditu hauteskundeak Indian

Gobernuan den BJP alderdiaren garaipena onartu du Rahul Gandhi oposizioko lider nagusiak. Zundaketen arabera, gehiengo osoa lortuko du Modiren alderdiak.

Narendra Modi Indiako lehen ministro eta BJP alderdiko burua, hauteskunde ekitaldi batean. HARISH TYAGI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 23a
07:41
Entzun

Narendra Modi Indiako lehen ministroak hauteskundeak irabazi ditu, eta gobernua berritzeko babes zabala izango du, behin-behineko emaitzen arabera. Hauteslekuetan egindako zundaketek 280 ordezkari baino gehiago ematen dizkiote Modiren BJP alderdiari, 542 parlamentari dituen Lok Sabha [Herriaren Etxea] parlamentuko behe ganberan. Zundaketen datuak betetzen ari dira behin-behineko kontaketaren arabera. BJPk 169 eserleku ziurtatu ditu oraingoz, eta beste 134 eserlekuren bozketan buruan ageri da.

Modik garaipena ospatu du, eta egintzat jo du gobernatzeko gehiengo osoa lortuko duela. "Guztion India baten aldeko sentimentuek etorkizun argitsu bat bermatuko dute", adierazi du. Lehen ministroaren esanetan, "demokraziak" irabazi du. "Hau ez da Modiren garaipen bat, zintzotasuna eskatzen duten indiarrena baizik, komun baterako sarbiderik ez zuten eta beren burua errespetatzen duten emakumeen garaipena da".

Behin-behineko datu horiek, tarte handia islatzen dute oposizioko alderdi nagusiarekiko. Nehru-Gandhi dinastiaren Kongresuari 50 eserleku inguru aurreikusten dizkiote. 31 ordezkari lortu ditu oraingoz, eta beste 21 eserleku lortzeko bozketa ari da irabazten. Rahul Gandhi Kongresuko buruak Modiren garaipena aitortu du. "Kanpainan esan nuen herritarrak direla egiazko agintariak. BJPren alde erabaki dute. Modi eta BJP zoriontzen ditut", adierazi du.

Gandhiren alderdiak 2014an izan zuen porrota berretsi du joan den asteburuko bozketan, eta bere gotorleku nagusi izan den Uttar Pradesheko Amethi hautes barrutian.

Parte hartzea %60tik gorakoa izan da batez beste. Orotara, 600 milioi herritar inguruk eman dute botoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.