'Brexit'-a

Ekainaren 7an dimitituko du Mayk

Alderdi Kontserbadorearen buru izateari utziko dio, eta behin-behinean jarraituko du lehen ministro karguan.

Theresa May lehen ministroa, gaurko agerraldian. NEIL HALL / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 24a
09:48
Entzun

Jarri dio data: ekainaren 7a. Egun horretan Alderdi Kontserbadoreko lider izateari utziko dio Theresa Mayk, eta behin-behinean jarraituko du lehen ministro karguan, ordezkoa aukeratu arte. Mayren gobernua ez da gai izan herritarren mandatua bete eta brexit-a gauzatzeko, eta gobernutik bertatik egin diote presio. May atzo zen aurkeztekoa Irteera Akordiorako legea, eta ekainaren 7an bozkatzea zen haren asmoa; azken orduan, ordea, atzeratu egin zuten proiektuaren argitalpena. Alderdikideei egindako kontzesio gisa hartu zuten askok, eta presio horien ondorioz, gaur goizean eman du dimisioa Theresa Mayk.

Berak ez du lortu gauzatzea, baina lehen ministro berriak 2016ko erreferendumaren mandatua bete beharko duela adierazi du Mayk, dimisioaren berri emateko agerraldian: "Jendeari erabakitzeko aukera ematen bazaio, gero ahal den guztia egin behar da erabaki hori gauzatzeko. Nire ondorengoak brexit-aren emaitza gauzatu beharko du, eta parlamentuan adostasuna lortu, nik lortu ez dudana".

Erabakiaren berri jakin bezain laster hasi dira han eta hemen lehen ministroa ordezkatzeko izenak aipatzen. Boris Johnson Atzerri ministro ohia da hautagaietako bat; joan den astean, argi utzi zuen May ordezkatzeko lehian sartuko dela.

Azken egunetan bazebiltzan dimisio hotsak Mayren inguruan, baina iragarpena ez da berehalakoa izan. Ekainaren 7ko data emateak ere izan dezake azalepnik; izan ere, Donald Trump AEBetako presidentea Erresuma Batua bisitatzekoa da ekainaren 3an, eta harrera egiteko lehen ministrorik gabe legoke Erresuma Batua Mayk berehalako dimisioa emango balu.

Dimisioaren berri eman aurretik Komunen Ganberako kontserbadoreen buru Graham Bradyrekin bildu da May. Alderdi Kontserbadoreko 1922 Batzordeko burua da Brady, eta batzorde horrek herenegun bozkatu zuen alderdiak arauak aldatu beharko ote lituzkeen May kargutik kentzea ahalbidetzeko, baina ez du eman erabakiaren berri. Izan ere, abenduan, alderdiko kideen konfiantza mozio bati aurre egin zion Mayk, eta, teorian, urtebeterako immunitatea ematen zion horrek. Tory askok, ordea, alderdiko legeak aldatzeko eskatu dute.

Komunen Ganberan hirutan bozkatu dute Mayk eta Bruselako egindako akordioa, baina ez da aurrera atera. "Azken aukera" gisa planteatu zuen atzo aurkeztekoa zen lege proiektua, baina ez du sinpatia handirik eragin alderdikide tory-en artean. Besteak beste, aduana batasunerako akordio bat eta bigarren erreferendum baterako aukera jasotzen dituelako.

Mark Spencer gobernuko kideak eman zuen Irteera Akordiorako legearen aurkezpena atzeratzearen berria, aurrez dimisioa eman baitzuen Andrea Leadsom kontserbadoreak. "Erreferendumaren emaitza betearazteko" gaitasunik ez du ikusten gobernuan, azaldu zuenaren arabera. Ministro batzuek ere gaitzetsi zuten Mayren azken proposamena.

Atzo irudi esanguratsua utzi zuten, gainera, Europako parlamenturako hauteskundeek: Mayk askotan hitzeman zuen ez zutela EBko bozetan bozkatu beharrik izango, baina brexit-a gauzatu ezinagatik, Mayk berak ere botoa eman behar izan zuen atzo. Emaitzak ez dira jakingo igande gauera arte, baina inkesten arabera, emaitza txarrak lortuko dituzte kontserbadoreek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.