Iruzurra Osakidetzan

Epaileak berretsi egin du Osakidetza ezin dela pertsonatu oposizioen auzian

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak bigarrenez ebatzi du Eusko Jaurlaritzaren osasun zerbitzuek ezingo direla aurkeztu kaltetu gisa, ez eta akusazio partikular moduan ere.

Nekane Murga Osasun sailburua, aurreko sailburu Jon Darponekin. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
2019ko maiatzaren 24a
14:08
Entzun

Bigarrenez esan du ezetz. Osakidetzako oposizioen auzia daraman Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak atzera bota du berriz Eusko Jaurlaritzaren osasun zerbitzuak auzian pertsonatzeko egindako eskaria. Ezingo da aurkeztu kaltetu gisa, ez eta akusazio partikular moduan ere, Yolanda Varona epailearen esanetan, ez dutelako frogatu haren aurkako kalte posiblerik. Ikerketak aurrera egin ahala halakorik erakutsiko balu, aukera izango luke auzibidean parte hartzeko. Oraindik helegite bat jartzeko aukera du Osakidetzak, Arabako Auzitegi Probintzialean.

Maiatzaren hasieran ere atzera bota zuen epaileak Osakidetzaren eskaria, argudio berberekin. Otsailean, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak tramiterako onartu zuen Carmen Adan EAEko fiskalburuaren salaketa. Hiru mediku akusatu zituen, hirurak Osakidetzako zuzendaritzako kideak: Giza Baliabideetako zuzendari ohi Juan Carlos Soto eta zuzendariorde Xabier Balerdi, eta Osasun Arretako zuzendari Andoni Arzelai. Epaileak ez du baztertzen beste norbait inputatzea.

Fiskaltzak bere salaketan nabarmendu zuen Osakidetzako zuzendaritzak irizpide objektiborik ez zuela jarri oposizioak prestatu zituzten kideak eta epaimahaikoak aukeratzeko orduan. Frogatu zuen berak ikertutako alorretan, besteak beste, zuzendaritzako kide batzuek zuzenean izendatu zituztela epaimahaiko kide batzuk, eta horien artean zeudela azterketa aurretik jaso zuten pertsona batzuen lankideak eta senideak. Etsamina egin aurretik ere langile batzuek salatu zuten filtrazioak egongo zirela, eta jarduteko modu hori aspaldikoa zela Osakidetzan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.