Saskibaloia

Erakunde publikoek eta Baskoniak Lauko Finalaren balantze "oso baikorra" egin dute

Ohar bidez egin dute, eta ez dator bat Gasteizko ostalarien iritziekin, ezta ere Gasteizko kaleetan bizi izandako giroarekin

Zaleentzako gunea, igandean, finala jokatu zen egunean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 24a
15:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Baskoniak 2019ko Euroligaren Lauko Finalaren balantze "oso baikorra" egin dute. Euroligaren azken fasea Gasteizen jokatu zen iragan astean, eta erakundeen iritzia ez dator bat Gasteizko ostalarien hedabideetan eginikoarekin. Ezta ere kalean ikusitakoarekin, oso zale gutxi ibili baitziren Arabako hiriburuko kaleetan.

Erakundeek eta Baskoniak ohar bidez egin dute euren balorazioa, agerpen publikorik egin gabe. Besteak beste, Gasteizko hotel logelen %98 bete zirela diote, zaleen %52 "Espainiatik kanpo" etorri zela, "inoizko Lauko Final ikusiena" izan dela ia 200 milioi ikuslerekin eta Gasteizko aireportuak ekitaldiarekin harreman zuzena zuten 34 hegaldi hartu zituela. Ondorioz, hiru erakundeen eta Baskoniaren iritziz, Gasteizek erakutsi du "tamaina horretako kirol ekitaldiak hartzeko prest dagoela. Inoiz hartu duen handiena”. Era berean "inbertsio errentagarria" izan dela esan dute, “hiriaren garapen ekonomikoarentzat". Lauko Finalak bost milioi euroko kostua izan zuen, horietatik lau erakundeek jarritakoa eta bosgarrena Baskoniak.

Balorazio baikor honek talka egiten du Gasteizko ostalariek azken egunetan hedabide ezberdinetan egin dituztenekin. Iritzia eman dute gehienek porrota izan dela esan dute, Espainiako Kopetan baino lan gutxiago egin dutela, eta aurreikuspenak baikorregiak izan zirela. Kaleetan ere oso zale gutxi ikusi ziren, eta pabiloian elkartu ziren gehienak zuzenean joan ziren Buesa Arenara. Gasteizko zale asko ziren harmailetan, eta gehienak kexu, Lauko Finala gerturatu hala abonuak gero eta merkeago aurkitu zitezkeelako birsalmentan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.