Kurdistan

Ocalanen eskubideen aldeko gose grebalari kurduek ekinaldia amaitu dute

PKKren buruzagiak egin die eskaria, haren abokatuek azaldu dutenez. Guven diputatua ospitale batera eraman dute; ia zazpi hilabete daramatza ezer jan gabe.

Ocalanen irudi bat, bandera batean. EFE
ander perez zala
2019ko maiatzaren 26a
17:55
Entzun

Abdullah Ocalan Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagia haren abokatuekin elkartu da berriz ere, eta haien bidez mezu bat helarazi die gose grebalariei: ekinaldia amai zezatela. Turkiako Parlamentuko diputatu kurdu batzuk eta ehunka preso kurdu gose greban zeuden Ocalanen eskubideen alde, baina protesta horrekin amaitzea erabaki dute, PKKren buruzagiak eskatuta: "Espero dut gose grebarekin konprometitu diren kamaradek protestari amaiera ematea".

Turkiako Justizia ministro Abdulhamit Gulek hilaren 16an jakinarazi zuen zortzi urte iraun duen debekua amaitu zela, eta, beraz, Ocalanek haren abokatuen bisita jasotzeko "aukera" izango zuela. Buruzagi kurdua 1999az geroztik dago preso, Imraliko segurtasun handiko uharte kartzelan (Turkia), eta bakartze ia erabatekoan egin ditu urteak.

Egoera horren aurrean, hainbat kurduk gose greba abiatu zuten duela zazpi hilabete; ezagunena izan da Leyla Guven Herriaren Alderdi Demokratikoaren (HDP) diputatuaren kasua, ekinaldiaren lehen egunetik egon baita ezer jan gabe —200 egun—. Hark ere atzo amaitu zuen protesta, "helburua bete" dutela argudiatuta, eta ospitale batera eraman zuten.

Aurten joan da buruzagi kurduaren egoera pixkanaka aldatzen. Ocalanen familiari ez diote bisitarik egiten utzi 2016ko irailaz geroztik, eta abokatuak ikusi gabe pasatu ditu ia zortzi urte. Urtarrilean, baina, anaia bati utzi zioten bisitatzen, eta, hilaren 2an, bi abokatu elkartu ziren presoarekin, zortzi urtean lehenengoz. Hitzordu horretan, Ocalanek gutun bat eman zien, eta horren bidez Turkian eta Sirian elkarrizketaren bideari ekiteko deia helarazi zuen: "Negoziazio demokratikoen metodo baten beharra presazkoa da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.