Nafarroa

Barkos prest dago Txibite babesteko, akordioa zabalduz gero

Navarra Suma da lehenbiziko indarra Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean. PSNren esku egonen da hiriburuko alkatetza, eta Ezkerra, Aranzadi eta Ahal Dugu zinegotzirik gabe geratu dira

Uxue Barkos, hauteskunde gaueko agerraldian. /
Uxue Barkos, hauteskunde gaueko agerraldian. / Idoia Zabaleta/Foku

Iker Tubia -

2019ko maiatzak 27

Aldaketaren laukoak ezinen du jarraitu Nafarroako Gobernuan eta hiri nagusienetan. Beherakada handia izan du Ahal Dugu-k, eta, beraz, zenbakiek ez dute ematen. Botoen %95,83 kontatuta, Navarra Suma da lehenbiziko indarra, 19 parlamentarirekin. Ahal Duguk 2 baizik ez ditu. PSN da bigarren indarra, 11 parlamentarirekin, Geroa Baik 9 ditu, EH Bilduk 8, eta Ezkerrak parlamentari bakarra.

Uxue Barkos jarduneko lehendakariak Javier Esparza Navarra Sumako lehendakarigaia zoriondu du, baita Maria Txibite PSNko hautagaia ere. Bigarrenari esan dio berak duela gobernu aurrerakoia zuzentzeko aukera, baina gogorarazi dio gobernuan ez ezik hiri nagusietan ere "gehiengo aurrerakoi eta pluralen" alde egin beharko lukeela. Akordioa lortzen saiatzeko aholkua eman dio, eta "gazta pusken Nafarroa" bukatu dela aldarrikatu du. Txibitek "gobernu aurrerakoia" zuzentzeko nahia azaldu du, baina EH Bildu baztertuta. Esparza ez dutela lehendakari eginen ere esan du.

Esparzak eskua luzatu dio Txibiteri "gobernu konstituzionalista" bat egiteko, baina esan du ez diotela lehendakaritza PSNko idazkari nagusiari utziko, ez hari zuzenean botoa emanez, ez abstentziora joz. "Bi aukera baizik ez daude, edo Navarra Sumak agintzea edo abertzaleak nagusi diren gobernu bat izatea", esan du.

Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak onartu du erdietsitako emaitzak "ez direla onak", eta "hausnarketa sakona" egin beharko dutela: "Itunak egiteko egoera zaila dugu Nafarroan; gobernatzea zaila izanen da, eta ikusiko dugu nola heldu diezaiokegun parlamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren osaketari".

Hiri nagusietan, Navarra Suma garaile

Iruñeko Udalean, Joseba Asironek ezinen du alkate izan PSNren babesik gabe. Maite Esporrin PSNko hautagaiak "Agur, Asiron" esan du bere hitzaldian. Ezkerra, Ahal Dugu eta Aranzadi zinegotzirik gabe geratu dira, %5eko langa gainditu ezinik. Navarra Suma da lehenbiziko indarra, eta EH Bildu hazi egin da. Koalizio eskuindarrak 13 zinegotzi ditu, gehiengo absolutua lortzeko boto bakarrera dago, eta 7 EH Bilduk. PSNk 5 zinegotzi ditu, eta Geroa Baik 2. Beraz, Enrique Maia izanen da alkatea.

Tuteran, aldaketak ez dio eutsi: Navarra Sumak gehiengo osoa du boto guziak kontatuta. Ezkerrak 7 zinegotzi —2015ean baino bat gehiago—, eta PSNk 3. Nafarroako bigarren hiria da, eta azkenengo legegintzaldian Ezkerrak izan du alkatetza. Barañainen Navarra Suma da lehenbiziko indarra 8 zinegotzi eskuratuta. PSN laugarren indar izatetik bigarren izatera igaro da, 5 zinegotzi lortuta. Atzetik ditu EHBildu (5), Geroa Bai (2) eta Ahal Dugu (1). Hemen ere ez da aldaketaren gobernua errepikatzerik izanen.

Tafallan EHBilduk lehenbiziko indar izateari utzi dio, 8 zinegotzitik 5era pasata. Navarra Sumak aurrea hartu dio bost botoren aldearekin, baina zinegotzi kopuru bera lortuta. PSNk 3, ImporTk 2, Ezkerrak 1 eta Geroa Baik 1 lortu dituzte.  Lizarran aldaketaren gobernuak ez du jarraituko. Navarra Suma da lehenbiziko indarra 7 zinegotzirekin eta EHBildu bigarrena 6rekin. Atzetik dira PSN 3 zinegotzirekin eta Geroa Bai bakarrarekin. Orain Lizarrak 3 zinegotziak galdu ditu.

Iruñerrian, aldaketa

EH Bildu lehenbiziko indarra izan da Atarrabian, Antsoainen, Berriozarren eta Uharten. Burlatan, Navarra Sumak irabazi du, 5 zinegotzirekin, eta PSNk izanen du giltza. Eguesibarren, Navarra Sumak irabazi badu ere, laukoa osatu duten alderdiek bezainbeste zinegotzi atera ditu: 9. Beraz, hor ere PSNren esku egonen da alkatetza.

Altsasun, Javier Ollo (Geroa Bai) izanen da alkate bigarrenez, eta nabarmentzekoa da soilik Geroa Baik eta EH Bilduk lortu dituztela zinegotziak: 10 eta 3, hurrenez hurren. Kanpoan geratu dira Navarra Suma, PSN, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Vox. Baztanen, EH Bildu da lehenbiziko indarra, 6 zinegotzi lortuta. Navarra Sumak 3 zinegotzi ditu —UPNk aurreko legegintzaldian baino bat gutxiago—, eta bina Ezkerrak eta Geroa Baik.

Parte hartzea handitu egin da

Nafarroako hauteskundeetan, parte hartzea %72,02 izan da, 2015ekoa baino lau puntu handiagoa. Boto baliogabeak %0,63 izan dira, eta boto zuriak, %0,79. Bozak 09:00etan abiatu dira, 358 hauteslekutan, eta 20:00etan itxi dituzte mahaiak. Nafarroan 482.379 lagunek izan dute botoa emateko aukera, 976 hautesmahaitan. "Normal" eta "lasai" iragan da hauteskunde eguna, Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne eta Justizia kontseilariak esan duenez.