Willis Drummond, Izaki Gardenak, Anari eta Old School Funky Family EHZn izango dira

Ekainaren 28tik 30era egingo da jaialdia Irisarrin (Nafarroa Beherea). EHZrako sarrerak 45 eurotan saltzen dira ekainaren 3ra arte, jaialdiaren webgunean. Hortik aurrera 55 eurotara igoko da salneurria.

Willis Drummond taldea. BERRIA
Berria
2019ko maiatzaren 27a
07:47
Entzun

Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileek aurtengo ekitaldiko programazio osoa eman dute gaur argitara. Aurretik emanak zituzten festibalean parte hartuko duten zenbait artistaren izenak (Iseo & Dodosound, Oihaneko Zuhainetan, Gari & Maldanbera, Broken Brothers Brass Band, Koban, Montauk), eta gaur beste hainbaten parte hartzea baieztatu dute.Hala, EHZn izango dira NiƱa Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond, Old School Funky Family, Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi, Diabolo Kiwi, Anari, Liher, Izaki Gardenak, Nizuri Tazuneri eta Cumbiam'bero.

[youtube]https://youtu.be/YlMBPxYC9xM[/youtube]

Euskal Herriko artistak izango dira nagusi EHZn, baina bertan ariko dira kanpoko musikariak ere: Manu Louis konpositore eta abeslari belgiarra, The Very Small Orchestra Bordeleko (Frantzia) taldea, Lu Rois abeslari eta pianista kataluniarra, eta Ray Fernandez trobadore kubatarra.

[youtube]https://youtu.be/yDt_wScBqW8[/youtube]

Bestalde, Led Silhouette dantza konpainiak Orbita ikuskizuna estreinatuko du Irisarrin, EHZrentzat propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioek lagunduko dutena, eta Toi d'abord zirkua ere jaialdian izango da.

Aurten, arreta berezia ezarri da hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat bermatzeari begira, eta bost ildoren inguruan osatu dira eztabaidak: feminismoa, besta eredua, burujabetza-autogestioa, G7a eta migrazioa. Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruz osatua egongo da. Tailer horietan parte hartu nahiko dutenek ildoren batean izen-eman beharko dute aurretik. Tailerrak adituen eta eragileen ekarpenekin diseinatu dira, parte hartzaileek gaur egungo erronkei buruz hausnartzea, iritzi trukatzea eta horietan sakontzea helburu izanik.

EHZrako sarrerak 45 eurotan saltzen dira ekainaren 3ra arte, jaialdiaren webgunean. Hortik aurrera 55 eurotara igoko da jaialdirako bonoak eskuratzeko salneurria. Eguneko sarrerak ere datorren astelehenean jarriko dira salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.