Ignacio Zuloaga

Zuloagaren atzera begirakoa jarri du Bilboko Arte Ederren Museoak

Inoiz egin den atzera begirakorik zabalena da ‘Zuloaga 1870-1945’. 95 artelan bildu dituzte, eta artista zendu zenetik lehen aldiz ikusiko dira horietako asko. Urriaren 20a bitarte izango da zabalik.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 28a
07:17
Entzun

Bildu diren obrak baino garrantzia handiagoa dute obrek marrazten duten ibilbidea. Hala azaldu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870- Madril, 1945) artistari buruzko ikerketa egiteko enkargua egin zien Javier Villar museoko zuzendari ohiak Mikel Lertxundi eta Javi Novo komisarioei duela bost urte, eta azterketa sakon baten emaitza da gaur aurkeztu duten erakusketa. Ikerketa lana azpimarratu du Zugazak. “Ikusi gabeko koadroen tamaina baino garrantzitsuagoa iruditzen zait Zuloagaren biografian eta katalogoan bi komisarioek egin duten berrikuspena”. Orotara, 95 margolan bildu dituzte; eta, artista zendu zenetik, jendaurrean erakutsi gabe izan dira gehienak. Mundu osotik ekarri dituzte piezak: Alemania, Austria, Belgika, AEB, Italia, Mexiko eta Errusiatik, besteak beste. “Zuloagaren lanen hedapenaren neurriak erakusten du nazioartean zer nolako garrantzia izan zuen”, azpimarratu du zuzendariak. Bihar irekiko dute erakusketa, eta urriaren 20ra bitarte izango da zabalik.

“Erakusketa antolatzea abentura izan da”. Lertxundiren hitzetan, egitasmoa nondik hasi erabakitzea izan zen lehen erronka. “Azken urteetan ikerketa asko egin da Zuloagaren lanari eta bizitzari buruz, eta ez genuen oso argi ekarpena nondik egin”. Artistari buruz egin diren erakusketa guztien katalogoak aztertzen hasi, eta berehala ohartu ziren hartu beharreko bideaz. “Bilduma eta funts berdinetan oinarritzen dira Zuloagari buruzko erakusketa guztiak; eta, ondorioz, oso antzekoa izan da guztien emaitza. Ulertu genuen, artistaren ikuspegi berritua egiteko, erakusketa horietatik kanpo zer geratzen zen aztertu behar genuela”.

1950ean Ferrari Enrique Lafuente arte historialariaren La vida y el arte de Ignacio Zuloaga lana hartu zuten oinarritzat, artistaren 810 lan sailkatu baitzituen Lafuentek bertan. “Izenekin bakarrik azaltzen dira koadroak, eta guztiak lokalizatzen aritu gara; puzzlea sortzen, nolabait”. Paraleloki, artistaren biografian egon diren hutsuneak betetzen aritu direla azaldu du Lertxundik. “Zuloagaren lehen 30 urteak eta hil aurrekoak nahiko ilunak dira, eta hutsune hori bete dugu”. Horregatik diote, bildu diren margolanak baino garrantzia gehiago duela Zuloagaren biografia berreraikitzeko egin duten saioa.

Bat egin du Novok ere. “Erakusketa antologikoa da. Zerotik hasi gara, eta idatzita zegoena berridatzi dugu”. Pintorearen irudia berritu dutela azpimarratu du behin baino gehiagotan. “Lafuenteren katalogoan 810 lan azaltzen ziren, eta guk 1.000 baino gehiago lokalizatu ditugu”. Artistaren margolanen “atzeko mezua” ere aztertu dutela dio. “Zuloagaren lanei buruz egin diren interpretazioak folkloreari lotuta joan dira maiz: oso ikuspegi estereotipatua eman zaio: zezenketak, emakumeei egindako erretratuak... sarritan prostituzioaz ari zen eta baita jende umilaz ere. Saiatu gara bere lanen irakurketa berritua egiten”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.