Osakidetzako iruzurra

ESK-k salatu du Osakidetzako salatzaileetako bat kaleratu egin dutela

Marta Macho anestesistak atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta sindikatuak jakinarazi duenez, kaleratzearen berri eman diote orain. Oposizioetako iruzurra salatu izanarekin lotu du. Mujika Osakidetzako zuzendari ohiak deklaratuko du gaur.

Macho sendagilea eta Nicolau ESK-ko ordezkaria, epaitegi atarian, atzo. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko maiatzaren 29a
07:51
Entzun

Epaitegietako bidea hasi du Osakidetzako lan eskaintzako iruzurrari buruzko ikerketak. Lekukoak ari dira deklaratzen egunotan. Atzo, asteartearekin, Marta Macho anestesistak hitz egin zuen epailearen aurrean; hura da iruzurra salatu zuten medikuetako bat, notario aurrean asmatu zuena zeintzuek gaindituko zuten azterketa. Harekin batera, Patxi Nicolau ESK sindikatuko ordezkariak deklaratu zuen epailearen aurrean.

Hain justu, ESK sindikatuak salatu du Macho sendagilea kaleratu egin duela Osakidetzak. Lehen ere horren beldurra azaldua zuten, eta salatua zuten "errepresaliak" jasaten ari zirela. Machori berari, adibidez, lanaldia murriztu zioten orain hilabete batzuk. "Mendekua" zela salatu zuen orduan.

Epaitegietan izango dira deklarazioak gaur-biharretan ere. Gaur, Maria Jesus Mujikaren txanda. Osakidetzako zuzendari nagusia zen oposizioak egin zituztenean, eta dimisioa eman zuen. Bihar, berriz, zuzenean ikerketapean dauden hiru medikuk deklaratuko dute: hiru espezialitatetako epaimahaietan zeuden, eta filtrazio zantzuak ikusi dituzte haien jardunean.

Oraingoz, hiru sendagile horiek daude ikerketapean. Osakidetzako beste hiru goi kargudun ere badaude deklaratzera deituta, baina epaitegira joateko egunik ez dute oraindik, eta zer-nola deklaratu beharko duten ere ez dakite. Egunotan jasoko dituen hamahiru lekukotasunak aditu, eta haien ondorioetan oinarrituta erabakiko du epaileak inputatu gisara deklaratzen duten edo lekuko gisara. Hain justu, ESK-k ez du baztertu inputazio gehiago iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.