Hezkuntza

Seaskak manifestazioa egingo du ekainaren 7an, Miarritzen, irakasle postu gehiago eskatzeko

Ikastola elkarteak adierazi du heldu den ikasturterako hitzarmena adostu dutela Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin, baina ez dutela sinatuko behar dituzten irakasle postuak lortu arte.

Seaska ikastolaren manifestazioa, iazko ekainen, Senperen (Lapurdi). BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko maiatzaren 29a
07:50
Entzun

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak Frantziako Gobernuarekin izan dituen negoziazioen berri emateko agerraldia egin du gaur goizean, Biarritzeko Bellevue plazan. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroarekin 2017an elkartu ziren ostatu berean bildu ditu hedabideak, hain zuzen ere, ministroarekin izan dituzten hartu-emanen berri emateko. Azaldu dutenez, heldu den ikasturterako hitzarmena adostu dute Hezkuntza Ministerioarekin, baina irakasle postuak lortu arte ez dute izenpetuko. "30 postu behar ditugu. Gu hamairu ordaintzeko prest gara, gehiago ez", adierazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Parisek jarreraz aldatu artean mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute. Hala, manifestaziora deitu dituzte herritarrak, ekainaren 7rako, Miarritzen (Lapurdi). 15:30ean hasita, danborrada egingo dute, bigarrenez, Frantziako Gobernuak beren mezua entzun dezan.

"Irakasle postu horiek lortzen ez baditugu, 30 ikasletik gorako klaseak izanen ditugu. Hori ez da posible", salatu du Indok. Postuak diruztatzea edo irakasleak Seaskak ordaindu ahal izateko laguntza ekonomikoa ematea eskatu diote Frantziako Gobernuari. Iazko ikasturterako 25 irakasle postu eskatu zituen Seaskak, baina Parisek bost baizik ez zizkion onartu. Seaskak hamar irakasle postu ordaindu zituen bere sakelatik, eta Euskararen Erakunde Publikoak beste bost hartu zituen bere gain. Azken bostak "irakasleek beren gain hartu dituzte", Indoren esanetan. "Hautsi-mautsiak egin behar izan dituzte".

Datorren ikasturterako 200 ikasle gehiago izango dituztela iragarri dute, eta kopurua emendatuz joango dela ziurtatu dute. Eskariari aurre egiteko, baliabide gehiago behar ditu Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak. Irakasle postuak bere gain hartu izanagatik aurten 365.000 euroko defizita izan dutela nabarmendu du Indok. "Gurearen gisako egitura txiki batentzat handia da". Egoerak hurrengo ikasturterako prestaketa lanak zailtzen dituela nabarmendu du Indok. "Eskola publikoetan otsailerako antolatzen dute hurrengo ikasturtea. Gu azken momenturaino ezjakintasunean gara. Ezin dugu horrela segitu".

Aterabide orokor bat

Egoerari konponbide orokor bat eman behar zaiola adierazi dute gaur Seaskako arduradunek. "1994an, estatuarekin hitzarmena izenpetu genuen, eta gure irakasleak haiek ordaindu ditzaten lortu genuen", oroitarazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. 2017an Blanquer ministroarekin elkartu zirenean, bigarren etapa batera pasatzeko beharra azaleratu zioten. "Hiru eskaera nagusi egin genizkion: ikastola berrien eraikuntzak diruztatzeko dugun arazoari konponbide bat ematea —gaur egun, XIX. mendeko lege batek mugatzen gaitu oraindik—, azterketak euskaraz pasatu ahal izatea, eta ikastolen garapena laguntzea", azaldu du. "Entzun zuen, notatu zuen... Baina haren esku izan zen lehen ikasturtea gaizki pasatu zen", deitoratu du. Urte guzian egin dituzten mobilizazioak gogora ekarri ditu, orain ere mobilizatzeko prest direla azpimarratuta.

Alde horretatik, Seaskak gogorarazi du euskara hobeki laguntzearen alde mintzatu zela Emmanuel Macron Frantziako presidentea maiatzaren 18an Miarritzera egin zuen bisitan. Abuztu amaieran Miarritzen egitekoa den G7koen goi bilera prestatzera etorri zen Macron Euskal Herrira. Hain justu goi bilera horretarako estatuak hiru egunetan 30 milioi euro gastatuko dituela nabarmendu du ikastolen elkarteak. "G7koa 5 minutuz laburtzea eskatzen dugu. Proportzionalki, hori da gure irakasle postuak ordaintzeko behar dugun dirua", adierazi du Indok.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.