Hezkuntza

Gipuzkoako Eskola Txikien 32. jaia aurkeztu dute: Aginagan izango da, ekainaren 9an

Herri txikiei "bizia emateko" eskolek duten garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek festa iragartzeko ekitaldian

Eskola txikien jaiaren aurkezpena, gaur, Aginagan. GORKA RUBIO, FOKU
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 29a
15:24
Entzun

Umez inguratuta, ezin bestela, festa giroan aurkeztu dute gaur goizean Aginagan (Usurbil) Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia. 32. aldiz egingo da festa, eta ikastetxe horien garrantzia nabarmentzeko baliatu dute ekitaldia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola txikietan koordinatzaile dihardu Mikel Goñik; zentro horien jarduna bermatzeko "elkarlana" ezinbestekoa dela adierazi du: "Horrela jokatzen dugulako elkarren babesa sentitzen dugu, ikasteko aukerak zabaltzen zaizkigu". Eskola horien berezitasunak izaten dira "adin aniztasuna" eta "landa eremukoak" izatea. Tankerako 26 eskola daude Gipuzkoan.

Jaia antolatzeak auzoan aparteko giroa sortu duela onartu dute eskolako ordezkariek: "auzolan erradoi batean" murgilduta daudela esan du ikastetxeko guraso elkarteko ordezkari Amaia Bereziartuak, eta horrexek aparteko hauspoa eman diola Aginagako bizimoduari. 41 ikasle ditu egun Aginagako herri eskolak, HH2n hasi eta LH6ra bitartean. Desagertzeko zorian egon zen orain dela urte batzuk, baina orain sendo dago.

Usurbilgo alkate Xabier Arregik festara hurbiltzeko deia egin du. "Bada modu bat Gipuzkoa osoko eskolen eta herri txikien artean nolabaiteko konplizitatea sortzeko, eta horrek balio handia du" Festa 10:30ean hasiko da, eta askotariko ekitaldiak egingo dira ondoren: umeentzako jolasak eta tailerrak, puzgarriak, ikuskizunak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.