Israel

Netanyahuk ez du gobernua eratzea lortu, eta hauteskundeak egingo dituzte berriro Israelen

Irailaren 17rako deitu dute bozetara. Jarduneko lehen ministroak Avigdor Liebermani leporatu dio gobernua osatzeko aukera zapuztu nahi izatea.

Benjamin Netanyahu, atzo, Israelgo Parlamentuan, ganbera desegitea onartu zen saioan. ABIR SULTAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 30a
13:48
Entzun

Israelgo azken hateskundeetatik 50 egunera, parlamentuak bere burua desegitea onartu zuen atzo gauerdian. Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak gobernua osatzeko egin duen ahaleginaren porrotak eragin du erabakia. Likud alderdiko buruak ez du agintea berritzeko nahikoa babes bildu, baina beste alderdi politiko batek gobernua osatzeko bidea hastea eragotzi du, parlamentuaren desegitearekin. Aldeko 74 botorekin eta kontrako 45 bozekin onartu du parlamentuak desegitea.

"Ahal nuen guztia egin dut beharrezkoak ez diren hauteskunde hauek eragozteko", adierazi du Netanyahuk. Aurreko hauteskudeak deitzera behartu zuen arrazoi bera izan du orain oztopo nagusi gobernu berria osatzeko: judu ortodoxoei derrigorrezko zerbitzu militarra ezartzeko legea. Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohiaren Israel Gure Etxea alderdiak legea bere horretan onartzea exijitu du, aldaketarik egin gabe. Shas eta Toraren Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoek, berriz, guztiz baztertu dute judu ortodoxoei zerbitzu militarra ezartzea, beste komunitate batzuekin nahastuz gero, jarraitzaile asko sekularizatuko diren beldur.

Netanyahuk ezinbestekoa zuen hiru alderdi horien babesa, eraiki asmo zuen koaliziorako. Lehen ministroak Liebermani leporatu dio aukera hori eragotzi nahi izatea. "Liebermanek ez du inoiz akordioa nahi izan. Gobernua bota nahi zuen".

Defentsa ministro ohiak, berriz, Likud alderdiari egotzi dio "koalizioa eratzeko lanean porrot" egitea. "Haiek eta ultraortodoxoak dira hauteskunde berriak egitearen erantzuleak", adierazi du. Liebermanek ziurtatu du Netanyahu ultraortodoxoen menpe dagoela.

Lehenengo aldiz deituko dira hauteskundeak Israelen gobernua eratzeko ezintasunarengatik.

Hauteskunde berriak deitzeak ondorioak izan ditzake Israelen jardun diplomatikoan. Izan ere, hurrengo hilabeteetako geldialdiak zaildu egingo du AEBetako presidente Donald Trumpek Ekialde Hurbilerako sustatu nahi duen "bake plana" zehaztea.

Horrez gain, Netanyahuk bere kontra abian dituen auzibideetan ere eragin dezake. Israelgo Fiskaltza Nagusiak iruzurragatik, eroskeriagatik eta konfiantza abusuagatik salatu du lehen ministroa, eta urrian epaitegitik igaro beharko du. Netanyahuk irailean irabaztea lortuko balu ere, ez dirudi aukera handiak izango dituenik epaitegira joan aurretik zigorgabetasuna bermatuko dion lege bat onartzeko. Azken asteetan, gobernu osaketarako egin dituen nagoziazio bileretan, helburu hori lortzen ahalegindu da Netanyahu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.