Katalunia eta Espainia

Espainiako Estatuko parlamentari denei kendu diete Europako Parlamentura sartzeko akreditazioa

PSOEren, PPren eta Ciudadanosen eskariz hartu du erabakia Antonio Tajani presidenteak, "prozedura nazionaletan interferentziak saihesteko". Atzo, ez zieten sartzen utzi Carles Puigdemonti eta Toni Comini.

Carles Puigdemont, atzo arratsaldean, Europako Parlamentuko atarian. @PERNADOBARRENA
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 30a
20:23
Entzun

Espainiako Estatuko barrutian hautatutako europarlamentariek ez dute izango Europako Parlamentuan sartzeko behin-behineko akreditaziorik. Atzo, Lliures per Europa hautagaitzako Carles Puigdemonti eta Toni Comini ez zieten sartzen utzi, eta gaur Antonio Tajani presidenteak gainerako parlamentari guztiei zabaldu die debekua. "Eskandalutzat" jo zuen egoera, esaterako, Bruselako Politico egunkariko kazetari batek: "Nork erabakitzen du nor den eurodiputatu? Boto emaileek, ala Espainiako Justiziak?". Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak argudiatu du "tratu berdin eta justua" bermatzeko hartu duela "beste kide espainiarrei" ere akreditazioa erretiratzeko erabakia.

Soka, behintzat, ekarri du "eskandaluak". Espainiak diputatuen zerrenda ofiziala bidali behar dio Bruselari, haiek parlamentari aktak jasotzeko, baina bitartean behin-behineko akreditazio batekin ibili ohi dira Europako Parlamentuan. Gaurko erabakiaren ondoren, Espainiako Estatuan hautatutakoek ez dute halakorik edukiko; beraz, ez dute parlamentuan ibiltzerik izango Madrilek zerrenda ofiziala bidali arte.

PSOEren, PPren eta Ciudadanosen eskariz hartu du erabakia Tajanik. Posta elektronikoz, Europako Parlamentuko presidenteari eskatu zioten ez emateko akreditazio horiek eurodiputatuek Madrilen Espainiako Konstituzioari zin egin arte, eta Tajanik aintzat hartu du eskaria. "Zuen mezua irakurrita, ulertzen dut tramite administratibo honek gorabeherak sor litzakeela Espainian, hauteskundeetako emaitzak ez baitira oraindik definitiboak, eta zenbaketa martxan baitago oraindik", erantzun die parlamentuko presidenteak Esteban Gonzalez Pons (PP), Javier Nart (Ciudadanos) eta Iratxe Garcia Perezi (PSOE): "Beraz, prozedura nazionaletan interferentziak saihesteko, idazkaritzari nagusiari agindu diot bertan behera uzteko espainiar ordezkari guztien akreditazioa, espainiar agintarien zerrenda ofiziala jaso arte".

Erabaki horren aurretik, Puigdemontek eta Cominek kexu formal bat helarazi diote Tajaniri, gutun bidez, "bazterkeriazko tratua" jasan zutela eta. "Tramiteak hastera" joan zirela azaldu dute, "gainerako europarlamentari hautatuek egin zuten bezala". Gainera, parlamentuko atarian erakutsi zieten zerrendaren kopia bat, kameren grabazioak "eta debekua jasotzen duen dokumentazioa" eskatu dituzte.

Behin-behineko akreditazioak ez du esan nahi hura lortzen duena eurodiputatu denik, baina abantaila batzuk ematen dizkie estatuek zerrenda ofizialak bidali bitartean; besteak beste, bulego bat eta posta elektroniko ofizial bat edukitzea.

Erabakiaren berri izan ondoren, hau adierazi du Pernando Barrena (Orain Errepublikak, EH Bildu) europarlamentariak: "Hau baldin bada Europako Parlamentuaren lanerako maila, ederki hasi gara. Parlamentua estatuen presioei men eginez gobernatzea ez da politika on bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.