AEB eta Mekixo

Trumpek muga zergak ezarriko dizkio Mexikori, migrazioaren kontrolerako neurri gehiago hartu artean

AEBetako presidenteak iragarri du %5eko muga zerga ezarriko diela Mexikoko produktu guztiei ekainaren 10etik aurrera. Muga zerga %25era gogortzeko prest dago.

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian egin zuen prentsaurrekoan. JIM LO SCALZO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 31
09:44
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak muga zergak handitzen jarraitzen du. Txinarekin merkataritza gatazka betean dela, AEBren merkataritza kide nagusiari ezarriko dizkio orain muga zergak. Trumpek iragarri duenez, Mexikotik inportatzen dituen produktu guztiei %5eko muga zerga ezarriko die, Mexikok legez kanpoko migrazioaren kontra neurri nahikoa hartzen ez dituela argudiatuta. Trumpek bere Twitter kontuan zabaldu duenez, muga zergak indarrean jarraituko du "Mexikotik legez kanpoko migratzaileak sartzen ez diren arte". Ekainaren 10ean ezarriko du neurria.

Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak elkarrizketa eskatu dio Trumpi, baina hark ez du jarrera aldatu. Gaur arratsaldean zabaldutako mezu batean, bereari eutsi dio berriz: "Muga zergarik ez ordaintzeko, zergak igotzen badituzte, enpresek alde egingo dute Mexikotik, gure auto industriarn %30 eraman baitute, eta AEBetara itzuliko dira. Mexikok herrialdea askatu behar du narkotrafikotik".

Mexikok AEBetako Gobernua aseko dituen neurriak hartzen ez baditu, muga zerga handitzen joango dela ohartarazi du Etxe Zuriak, ohar bidez. Hala, %25eko muga zergara iristeko prest dagoela ziurtatu du, eta epeak zehaztu ditu. Uztailaren 10ean %10era igoko lituzke, %15era abuztuaren 1ean, %20ra irailaren 1ean eta %25era urriaren 1ean.

Mexikoren eta AEBren arteko mugan "larrialdi egoera" dagoela nabarmendu du berriro ere Trumpek. Haren iritziz, Mexikok ez du ahal duen guztia egiten AEBra paperik ez duten migratzaileak sar ez daitezen.

Mexikok AEBetara esportatu zuen produktuen balioa 300.000 milioi eurotik gorakoa da. Zerga mugak barazki, fruta, ibilgailu eta produktu teknologikoei eragingo lieke bereziki, eta estatubatuarren poltsikoan ere eragingo lukeela aurreikusi daiteke. Etxe Zuriak Mexikon dauden enpresa estatubatuarrei dei egin die, AEBetara itzultzeko, zerga mugak ordaindu behar ez izateko.

Negoziatzeko prest dagoela jakinarazi dio Lopez Obradorrek. AEBei ohartarazi die ez dela "probokaziotan" eroriko: "Mexikar guztiei esan nahi diet konfiantza izateko, AEBetako gobernuaren jarrera gaindituko dugu eta beraiek egingo dute atzera, Mexikok ez baitu merezi eman nahi zaion traturik".

Jesus Seade Mexikoko Ipar Amerikarako Atzerri ministroak, berriz, Trumpen erabakia "oso muturrekoa" dela salatu du. Merkataritza gerra sortzeko arriskuaz ohartarazi du. Mexikok "kementsu" erantzungo dio AEBren erabakiari, Seaderen esanetan. Bi herrialdeen arteko harremanarentzako, "dutxa hotza" izan da Trumpen iragarpena, ministroaren iritziz. Seadek espero du Trumpek iragarritako muga zerga indarrean ez jartzea.

Kubako Atzerri ministro Bruno Rodriguezek elkartasuna adierazi dio Mexikori: "Erabat errefusatzen ditut AEBek Mexikoren aurka ezarri nahi dituen neurri zigortzaile, inperialista eta arbitrarioak, Monroe doktrinan oinarrituak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.