Ekialde Hurbila

Israelek enkantean atera ditu EBk palestinarrei emandako ikasgela prefabrikatuak

Zisjordaniako Ibziq herrian kokatutako ikasgeletan 49 haurrek ikasten zuten, joan den urrian Israelek konfiskatu zituen arte. "Baimendu gabeko eraikinak" zirela dio Tel Avivek.

Israelgo soldaduak eskola ikasgelak desegiten, iazko urrian. B'TSELEM
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 31
17:22
Entzun

Zisjordanian Israelgo Administrazio Zibilak ematen ditu eraikuntzarako baimenak. Giza eskubideen aldeko B'Tselem erakundeak salatzen duenez, ordea, baimen horiek kolono israeldarrei soilik ematen dizkiete, eta palestinarren eskaerak etengabe oztopatzen idituzte, haien lurren okupazioa errazteko.

Hori gertatu da Ibziqen. Iazko urrian prefabrikatutako bi ikasgela desegin zituen han Israelgo Armadak, "baimenik gabeko eraikuntzak" zirela argudiatuta. Ikasgela horiek EBko estatu kideek finantzatu zituzten NBEko giza laguntzarako programaren bidez. Baina Tal Avivek "kanpoko esku-hartzetzat" du EBren laguntza, eta beraz, ez du onartzen.

B'Tselem erakundeak salatu du 49 haur palestinarrek kalean jaso behar dituztela klaseak orduz geroztik. Bruselak berak ere eraikinak itzultzeko eskatu dio Tel Avivi, gogoraraziz haur guztiek dutela hezkuntza eskubidea eta estatuen betebeharra dela hori eskaintzea, bermatuz eskolak haurrentzako eremu seguruak direla. "Palestinarren jabetzak suntsitu eta konfiskatzeari utzi behar dio Israelek, eta nazioarteko giza eskubideak errespetatu behar ditu indar okupatzaile gisa".

Israelek, ordea, bere bideari jarraitu dio palestinarrei inolako kalte ordainik eman gabe. Aldiz, palestinarrei kendutako bi ikasgelak enkantean atera ditu. Ez da lehen aldia halakorik egiten dutena, baina bai giza eskubideen aldeko erakunde batek gertatutakoa frogatzen duten dokumentuak eskuratzen dituela. Sarit Michaeli ikerlariak azaldu duenez, dokumentuetan jasotzen da prefabrikatutako eraikinak "eraikitzeko baimenik gabeko arkeologi gune batean" zeudela.

Hildako bat

Bestalde, Israelgo segurtasun indarrek zabaldu dutenez, Jerusalemen palestinar batek bi israeldarri eraso dio labanaz gaur. Poliziak tiroz hil du ustezko erasotzailea, 19 urteko palestinarra. Otoitz eguna da gaurkoa musulmanentzat eta milaka lagun espero dituzte mezkiten zabalgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.