'Wikileaks auzia'

NBEko kontalari bereziak esan du tortura sintomak dituela Assangek

NBEko torturari buruzko kontalari bereziak bisita egin dio Wikileakseko buruari, eta "epe luzeko tortura psikologikoa jasan izanaren sintoma tipikoak" antzeman dizkio.

Nils Melzer NBEko kontalari berezia, martxoko agerraldi batean, Genevan. SALVATORE DI NOLFI
2019ko maiatzaren 31
20:00
Entzun

"Arazo fisikoez gain, epe luzeko tortura psikologikoa jasan izanaren sintoma tipikoak zituen Assangek, besteak beste, muturreko estresa, antsietate kronikoa eta trauma psikologiko larria". Ondorio horiek atera ditu Nils Melzer NBEko torturaren inguruko kontalari bereziak. Londresko Belmarhs espetxean dute Julian Assange Wikileakseko kidea, erizaindegian. Atzo Westminstergo auzitegian deklaratzekoa zen, bideokonferentziaz, baina ezin izan zuen, osasun arazoengatik. Apirilean atxilotu zuten arte, ia zazpi urte pasatu zituen Ekuadorren Londresko enbaxadan, eta Erresuma Batuak baldintzapeko askatasuna urratzeagatik jarritako zigor bat betetzen ari da orain.

Bi medikuk lagunduta joan zen Melzer Assangengana, eta kezkatuta agertu da, bakartuta ez dagoen arren, abokatuekin egotea mugatu diotelako. Tortura sintomak dituela esateko frogak "argiak" direla nabarmendu du Melzerrek txosten batean: "Assangek urtetan zehar jasan ditu tratu eta zigor krudel eta gizagabeak". Kasuan inplikatutako gobernuei egotzi die ardura NBEk —AEBak, Erresuma Batua eta Suedia aipatu ditu, eta, "azkenaldian, Ekuador"—, "inpunitate giro bat" sortu dutelakoan, eta Assangen "duintasuna eta giza eskubide oinarrizkoenak" errespetatzeko eskatu du.

AEBetara estraditatua izatea da Assangen beldurra, bizia arriskuan lukeela uste baitu, atxilotu aurretik esan izan duenez. Wikileakseko sortzaileari sistema informatikoetan sartu eta informazio klasifikatua argitara emateko konspirazioa egin izana egozten diote AEBek. Joan den astean, AEBetako Fiskaltzak Assangen aurkako hemezortzi kargu gehiago aurkeztu zituen. Besteak beste, espioitza leporatu diote, eta denera 170 urteko kartzela zigorra jaso lezake. NBEk kezka agertu du horregatik ere, giza eskubideak urratzeko "arrisku erreala" lukeelako.

Erresuma Batuko Atzerri ministro Jeremy Hunten hitzetan, "okerrak" dira NBEren ondorioak. "NBEk bertako auzitegiei utzi beharko lieke balorazioak egiten, esku sartzerik gabe".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.