Sindikatuak

LABeko kide bati 21 hilabeteko espetxe zigorra jarri diote, protesta baketsu batean parte hartzeagatik

Askatasun sindikalaren aurkako hainbat "eraso" jasaten ari dela salatu du sindikatuak.

Protestak iazko sanferminetan, La Sangiovesa jatetxean. LAB
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 31
09:46
Entzun

Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak 21 hilabeteko zigorra ezarri dio LABeko sindikalista bati, hiri horretako La Sangiovesa jatetxean egindako protesta batengatik. Ekintza horretan ez zela inolako indarkeriarik izan baieztatu dute LABeko iturriek, eta jatetxeko arduradunek salaketak kendu zituztela. Kasu bakana ez dela ziurtatu du LABek, eta askatasun sindikalaren aurkako "jazarpen poliziala eta judiziala" dagoela.

2018ko udan lan gatazka izan zen Iruñeko erdialdeko La Sangiovesa jatetxe italiarrean. "Lan esplotazioa oso agerikoa zen", azaldu du LABek, agiri baten bidez. "Langileek ez zituzten lan eginiko ordu guztiak jasotzen, bazeuden kontraturik gabeko langileak, askatasun sindikalak urratzen zituzten... Konparazio batera, kamioia deskargatzea pizza batekin ordaindu zuten inoiz".

Akordioa langileekin

Langileak antolatu eta hauteskunde sindikalak egin ondoren giroa gaiztotu zen. "Enpresak hainbat langile kaleratu zituen bere gustuko hautagaitzari botoa ez emateagatik". Zenbait protesta egin zituzten langileek sanferminetan, eta horien ondotik akordio bat lortu zuten enpresarekin, "akordio on bat". Kaleratutako bi langile berriro hartu zituzten, beste bi kaleratze paktatu zituzten, eta lan baldintzak hobetu zituzten. Gainera, mobilizazioetan jarritako salaketa guztiak kendu zituen enpresak.

Baina salaketa horiek dagoeneko beren bidea egin zuten epaitegietan, eta fiskaltzak zigor eskaerak egin zituen bi sindikalistaren aurka: bi urte eta hiru hilabeteko zigorra LABeko sindikalista bati, eta urtebete eta sei hilabeteko zigorra jatetxeko langile bati. Derrigortzea edo koakzioa egotzi zien. "Harrigarria", LABen arabera, ziurtatu baitu ez zela inolako indarkeriarik izan. "Jatetxearen kanpoaldean elkarretaratze bat egin zuten, modu baketsuan sartu ziren, pegatina batzuk paratu, eta denbora labur batean megafono batekin hainbat lelo bota". Protestan ez zela istilurik gertatu eta bezeroei ez zitzaiela sarrera edo irteera eragotzi erakusten duen bideo bat aurkeztu zuen LABek, "baina bideoa galdu egin zen epaitegietan" eta ez zuten aintzat hartu.

Helegitea eta kanpaina

LABek epaiaren aurkako helegitea jarri du, eta gogorarazi du zigortutako sindikalista izan zela lan gatazkak iraun zuen bitartean poliziara eta Lan Ikuskaritzara jotzen zuena lan eskubideen urraketak salatzera.

Epaia "hagitz larria" iruditu zaio sindikatuari. "Baina, zoritxarrez, ez da LABek azkenaldian paratu duen eraso bakarra". Jakinarazi duenez, Huerta de Peraltako gatazkan "makina bat" isun jaso ditu, eta hiru sindikalistaren aurkako prozedura penalak zabaldu dituzte.

Astelehenean askatasun sindikalaren aldeko kanpaina bat iragarriko du, Iruñeko Gazteluko Plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.