Txirrindularitza

Pello Bilbaok etapa garaipen handia lortu du Giroan

Buruz buruko esprinta irabazi dio Mikel Landari Avena mendian. Murgiarra hirugarren postura igo da, baina hamahiru segundoko aldea baino ez du Roglicekiko.

Pello Bilbao, gaur, etapa amaieran. ITALIAKO GIROA
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 1a
09:21
Entzun

Kostata ahaztuko du Pello Bilbaok (Astana) aurtengo Italiako Giroa. Gernikarrak bigarren etapa garaipena lortu du Avenako gainean. Eguneko ihesaldian sartu da, eta sailkapen nagusirako borrokan zeuden txirrindulariek helmugatik bi kilometrora harrapatu dituzten arren, hark jarri dio errematea etapari. Eta nola eman gainera. Buruz buruko esprinta jokatu du Mikel Landarekin (Movistar) eta irabazi egin dio.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Landa hirugarren da orain baina alde txikia du du Primoz Roglicekiko (Jumbo): 13 segundo. Gutxi dira igandean 17 kilometroko erlojupekoa jokatu behar dutela kontuan hartuta. Richard Carapaz (Movistar) da liderra eta 1.54ko aldea du Vincenzo Nibalirekiko (Bahrain).

Mendiko azken etapa jokatu da Giroan (Feltre-Croce D’Aune-Monte Avena, 194 kilometro), eta euskal txirrindulariek zeresan handia eman dute. Bi arretagune izan ditu hasieratik: aurrean ihesaldia, etapa irabazteko borrokan, eta atzean sailkapen nagusirakoan. Aurrean 11 txirrindularik egin dute ihes, baina zortzik egin dute bidea, tartean bi euskal herritar: Pello Bilbao, Tanel Kangert (Education First), Valentin Madouas (FDJ), Mikel Nieve (Mitchelton), Amanuel Ghebreigzabhier (Dimension Data), Eddie Dunbar (Ineos), Giulio Ciccone (Trek) eta Eros Capecchi (Deceuninck - Quick Step). Tarte politak ireki dituzte.

Atzean, sailkapen nagusiko borrokan, etapa urduria izan da. Manghen mendian, helmugatik 120 kilometrora, Astana taldeak tropela aletu du, eta Miguel Angel Lopez taldeko liderrak erasoa jo du. Tartea irteki du, eta borroka bizitu, baina aldapa behera bat egin dute guztiek. Borroka hori helmugatik hamahiru kilometrora berpiztu da, Croce de Aunen gora. Eguneko azken aurreko mendia zen, eta Mikel Landak erasoa jo du. Goian hemezortzi segundoko aldea zuen, eta beherakoan harrapatu egin dute Vincenzo Nibalik (Bahrain), eta Richard Carapazek (Movistar). Horiek bai, baina ez Primoz Roglicek (Jumbo).

Roglicek atzean hasi du azken igoera: Monte Avena. Bospasei segundo baino ez, baina hura atzean ikusteak Landa eta Nibali piztu ditu. Elkarlanean, eta Carapazen laguntzarekin, tartea irekitzen joan dira. Gorako bidean iheslariak harrapatu dituzte eta azken bi kilometroak elkarrekin egin. Carapaz tiraka ari zen, Landarentzako etapa garaipena prestatzen, baina Bilbaok adi zaindu du haren gurpila. Helmugatik 300 metrora Landa eta Bilbao buruz buruko esprintean hasi dira, eta gernikarra bizkorragoa izan da. Mike Nieve zazpigarren izan da. Etapa irabazlea erabakita, Roglici zenbat segundo sartzen zizkioten ikustea falta zen: 54. Landa podiumean da, baina ondo bidean tarte hori galduko du igandeko 17 kilometroko erlojupekoan.

 

20. etapa Croce D’Aune-Monte Avena      
1. Pello Bilbao (Astana)    5.46.02
2. Mikel Landa (Movistar)    d.b.
3. Giulio Ciccone  (Trek)    2ra
4. Richard Carapaz (Movistar)    4ra
5. Vincenzo Nibali (Bahrain)    d.b.
6. Tanel Kanfer (Education First)    15era
7. Mikel Nieve (Mitchelton)    d.b.
8. Valentin Madouas (FDJ)    25era
9. Rafal Majka (Bora)    44ra
10. Domenico Pozzovivo  (Barhain)    d.b.
11. Pavel Sivakov (Ineos)    48ra
12. Simon Yates (Mitchelton)    d.b.

 

 

 

Sailkapen nagusia

1. Richard Carapaz (Movistar)    74.48.18
2. Vincenzo Nibali (Bahrain)    1.54ra
3. Mikel Landa (Movistar)    2.53ra
4. Primoz Roglic (Jumbo)    3.06ra
5. Bauke Mollema (Trek)    5.51rara
6. Miguel Angel Lopez (Astana)    7.18ra
7. Rafal Majka (Bora)    7.28rara
8. Simon Yates (Mitchelton)    8,01ra
9. Pavel Sivakov (Ineos)    8.11raera
10. Ilnur Zakarin (Katuxa)    12.50era

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.