Alemania

Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren buruak dimisioa eman du

Andrea Nahlesek datorren astean utziko du SPDren presidentetza eta talde parlamentarioarena, azken hauteskundeetako emaitza txarren ondorioz.

Andrea Nahles, asteleheneko agerraldi batean. OMER MESSINGER / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 2a
10:51
Entzun

"Talde parlamentarioan izandako eztabaidak eta alderditik iritsitako erantzunak ikusita, frogatu didate ez daukadala nahikoa babes karguan jarraitzeko". Ohar baten bidez, dimisioa eman duela jakinarazi du SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren buru Andrea Nahlesek. Zehaztu duenez, datorren astean utziko du alderdiaren presidentetza eta talde parlamentarioarena. Joan den astean iragarri zuen Nahlesek, azken hauteskundeetako emaitza txarren ondorioz, parlamentuko taldekideen esku utziko zuela kargua, barne bozketa bat eginez. Gaur, azkenean, dimititu egingo duela iragarri du.

Nahles 2005ean hautatau zuten SPDko idazkari nagusi, eta iazko apirilean egin zuten presidente, alderdiko ordezkarien %66ren babesarekin. "Desafio handia" izan da, haren hitzetan, alderdia berriz altxatu eta hiritarrak "eduki berriekin konbentzitzea". Alemaniako azken bozetan bost puntu inguru galdu zituen SPDk, eta Europako Parlamenturako hauteskundeetan txarrak izan ziren emaitzak; botoen %15,8 baino ez zuten eskuratu SPDkoek.

Alderdian nahiz parlamentuko taldean, ondorengotza "modu ordenatuan" hautatzeko ahalegina egingo duela ziurtatu du Nahlesek gaur publiko egindako oharrean.

Koalizio handiaren ajeak

Angela Merkel (CDU) kantzillerraren gobernuko kide da SPD -zatituta agertu zen alderdia iaz, erabakia hartzerako orduan-, iazko hauteskundeetan urrun geratu baitzen boterea bere kabuz eskuratzeko helburutik. Merkel laugarrenez dago gobernuan, eta 2021 arte jarraitzeko asmoa du, nahiz eta uko egin zion CDUko buru egiten jarraitzeari. Alemaniako Gobernuko kantzillerorde Olaf Scholzek (SPD) aurreratu duenez, sozialdemokratek ez dute "koalizio handia" berritu nahi, "hiru aldiz halako elkartze handiak jarraian egiteak ez baitio onik egiten demokrazia alemaniarrari". Sozialdemokratak gobernutik aterako balira, kolpe handia litzateke Merkelentzat, eta hauteskundeak aurreratu beharrean ere egon liteke CDUkoa.

Sozialdemokratek porrot bikoitza jaso zuten maiatzaren 26an: galera handia izan zuten Bremenen -gobernua gal dezakete 70 urteren ondoren-, eta hirugarren lekuan geratu ziren Europako bozetan, Berdeen atzetik.

Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokrata ere ez dabil hobeto. Annegret Kramp-Karrenbauerrek hartu zuen alderdian kantzillerraren lekua, baina hura ere kolokan egon liteke azken bozetako emaitzen ondorioz. Europako Parlamenturako hauteskundeetan inoizko daturik eskasenak bildu zituzten kristau demokratek, baita Bavariako CSUk ere: botoen %28,9 lortu zituzten. Gaur arratsaldean bilduko da CDUren zuzendaritza, Berlinen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.