Zegama-Aizkorri

Kilian Jornet eta Eli Anne Dvergsdal garaile Zegama-Aizkorrin

Kilian Jornet kataluniarrak bederatzigarren aldiz irabazi du mendi maratoia. Orain arteko edizio guztiak kontuan hartuta, bigarren denborarik onena egin du Dvergsdalek. Ander Iñarra eta Oihana Kortazar izan dira euskaldunik onenak.

Jornet, gaur, Zegamako helmugan. ORAIN GIPUZKOA.
2019ko ekainaren 2a
13:58
Entzun

Kilian Jornet kataluniarra eta Eli Anne Dvergsdal norvegiarra izan dira azkarrenak Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 18. ekitaldian, hurrenez hurren, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. 10.000 inguruk eman zuten izena, eta dortsala eskuratu duten 500 korrikalari pasatxo abiatu dira irteeratik goizeko bederatzietan.Jornet eta Dvergsdal izan dira aurrenak Zegamako helmuga zeharkatzen: 3:52:47ko denbora egin du lehenak, eta 4:36:05ean sartu da bigarrena. Lehen edizioa zuen norvegiarrak, eta erakustaldi aparta eman du zaleen laguntzarekin. Bero egin du, eta korrikalariek ezin izan dituzte markak hobetu. 50 bat erretiratu egin dira. Baina, ohi bezala, jendetza aritu da kirolariak animatzen. Oñati eta Arantzazu arteko errepidea, esaterako, itxi egin behar izan dute.

Emakumezkoen podiuma horrela geratu da: Eli Anne Dvergsdal (4:36:06), Elisa Desco (4:47:30), eta Amandine Ferrato (4:47:38).

Gizonezkoetan, honakoak izan dira lehen hiru sailkatuak: Kilian Jonet (3:52:47), Bartlomiej Przedwojeswski (3:55:26), eta Thibaut Aronian (3:56:20).

Jornet kataluniarra faborito zen gaurkoan gizonezkoen proban. Badu esperientzia: bederatzigarren garaipena du Zegama-Aizkorrin. Atarrabetan (13. kilometroa), Andy Wacker zeukan aurretik, baina 26. kilometrorako aurretik jarri eta hiru minututik gorako abantaila zeraman Jornetek.

Emakumezkoetan ere hutsune nabaria izan da iazko irabazlearena. Ida Nilsson suediarra ez da aritu gaurko lasterketan. Askorentzat, ezustea izan zen iazko Zegama-Aizkorrin bikain aritu izana, baina jarraian lortutako emaitzek munduko onenen zerrendan sartu zuten.

 Iazko irabazleak eman du gaurko beste albistea. Remi Bonnet suitzarrak utzi egin du lasterketa, Oltzeko kontrol gunera iristean.

Euskaldunen artean, Ander Iñarra izan da lehen gizonezkoa; hamargarren postuan helmugaratu da lezotarra, 4:12:01ko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar izan da euskaldunik onena 4:52:16ko denborarekin, bosgarren postuan sailkatu da elgetarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.